Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Raphael Georgesek kosk egin dio bakarkako jarduera handi bati

Joan den martxoaren 21etik 23ra, 31 urteko alpinista eta mendi gidari frantziarrak Druko iparraldeko horman dagoen «Leuseur» bidea(M7, 6b, 900 m) eskalatu zuen. Eguraldia lagun izan zuen, eta gai izan zen zailtasun tekniko guztiak era librean igotzeko.

Iragan neguan, Charles Duboulozek Grandes Jorasseseko “Rolling Stones” bidea bakarka eskalatu zuenean, alpinismoaren komunitatea erabat harrituta geratu zen. Frantziarrak historia egin zuen, eta bere herrialdean ia “noblezia-titulua” eman zioten. Duboulozek argi utzi zuen egundoko maila duela estilo horretako eskaladetan. Eskarmentu handia du, eta, besteak beste, Grandes Jorasseseko marra horri Druko iparraldeko murruan dagoen “Pierre-Allain” gehitu behar zaio.

Dru aipatuta, badirudi alpinista frantziarren artean badela bat haren urratsei jarraitu nahi diena. Raphael Georges du izena. Gaztea da, 31 urte ditu. Mendi gidari honek hormatzar laiotz eta gogor horretan goi mailako beste jarduera bat egin du bakarka: “Leuseur” bidea (M7, 6b, 900 m). Eta igoera hori sinatu ahal izateko hiru egun behar izan zituen. Martxoaren 21ean haranetik bertatik irten zen, eta 23an gailurra zapaldu zuen.

Bide horri dagokionez, aurreratu behar dugu 1952. urtean Leuseur anaiek zabaldu zutela. Harrezkeroztik, 900 metro luze den marra horretatik makina bat alpinista igaro dira. Horien artean aipatu behar ditugu Ueli Steck eta Jon Griffith; izan ere, “Leuseur”-i puntu gorria jarri zioten. Haien ustez, bidearen giltzak M8+ maila zuen, baina era askean errepikatu duten ia guztiek diote M7 zailtasuna egokiena dela.

 

Leuseur

Baina hurbil gaitezen joan den martxoan Georgesek egin zuen jarduerara. Hain zuzen ere, protagonistak berak kontatuko digu Druko zirrikitu ezagun horretan igaro zituen hiru eguneko “bidaia”.

«Iragan urtarrilean, Patagonian nintzela, Charles Duboulozen berri jakin nuen. Grades Jorasseseko ‘Rolling Stones’ bakarka eta neguan igo zuen. Horma horretan neguan jardutea gogorra bada, zer ote da sokakiderik gabe igotzea? Galdera hori erantzutea ez da batere erraza. Ni, bederen, zur eta lur geratu nintzen.

Etxera itzuli eta eguraldiarekin ez nuen zorterik izan. Horrek nire lanean eragina du, baina mendiko eskiko irteera asko egiten ditudanez, bada ez zen denboraldi txarra izan. Martxoaren 21etik 23ra bitartean libre nengoen, eta iragarri zuten eguraldi baldintza perfektuak izango zirela.

Aukera hori aprobetxatu behar nuen. Eta edozein jarduera egin ahal izateko, lehenengo ‘borrokarekin’ hasi nintzen; alegia, sokakide bat behar nuen. Zerrenda hartu, deiak egiten hasi eta nire lagun guztiak lanpetuta zeuden. Honi buruz, aholku bat: mendi gidariak diren lagunek ezetza emango dizute. Hobe da, beraz, lanik ez duen edo pentsioduna den kide bati deitzea.

Beste alternatiba batzuk aztertu ondoren, azkenean argi eta garbi izan nuen bakarkako jarduera bat egingo nuela. Hori izan zen behin betiko erabakia.

Erosketak egin, bizkar-zorroa prestatu eta Youtube plataforman bakarkako eskaladetan maniobrak nola egiten diren azaltzen duten bizpahiru bideo ikusi nituen. Onartu behar dut maniobra horiek errazak iruditu zitzaizkidala. Ahantzi egin zait esatea estilo horretan nire lehen esperientzia izango zela.

Hurrengo urratsa (agian, garrantzitsuena) proiektu erakargarri bat zehaztea zen. Eta, bakarkako lehen eskalada zenez, ondo babesten den eta arroka ona duen marra bat aukeratu behar nuen. Hori esan eta gero, erronkari plus bat emateko, xede horrek zailtasun tekniko gogorrak behar zituen. Azkenean, Druko iparraldeko horman dagoen ‘Leuseur’ bidean geratu nintzen. Igo gabe nuen, baina betidanik asko erakarri nau.

Lehen eguna. Grands Montentseko aparkalekuan nengoela, egoera ez zitzaidan batere gustatu. Bizkar-zorroa begiratu eta ohartu nintzen 25 kiloko pisua zuela. Zehazki, ia 30; eskiak ere eraman nituelako. Patagoniako morrenetan bizipenak burura etorri zitzaizkidan. Motxila bizkarrera eraman eta aurretik nuen bi orduko ibilialdiari ekin nion.

Lau ordu behar izan nituen Druko oinarrira heltzeko. Hurbilketa bidea luzea izan zen oso, eta bizkar-zorroak buruhausteak eman zizkidan. Bidearen hasiera ez da batere zaila. ‘Pierre Allain’-en lehen metroak eskalatzen dira. Hain zuzen ere, marra hori duela urte batzuk igo nuen. Denbora aurrezteko, soka ez ateratzea otu zitzaidan. Baina zalantza horiek alde batera utzi nituen. Eskerrak erabaki zentzuduna hartu nuela! Gogoratu nintzen neguan bitan soilik erabili nituela pioletak. Gainera, motxila oso astuna zen.

Errimaia gainditu eta neure burua aseguratu nuen. Orduan, bideo horietan ikusitakoa martxan jartzen hasi nintzen: soka antolatu, grigri-a era egokian jarri... Eta eskalatzen hasi nintzen. Eskalada estilo horri buruz ezer gutxi gehitu dezaket. Sokaburu batek egiten duen lana da, baina une batzuetan sokak tira egiten dizu. Hori gertatzen denean, bakarkako jarduera baten barruan zaudela ohartzen zara: bilerara iritsi, soka finkatu, rappelatu eta sokatik berriro igo. Hori bai, bizkar-zorroa igotzen ari nintzela lehen arazoak heldu ziren. Azkenean, motxila bizkarrean jarri eta igo nintzen. Oso fisikoa da baina, behintzat, arazo hori konpondu nuen.

‘Pierre Allain’ bidea utzi eta ‘Leuseur’-eko lehen sekzio zailetan sartu nintzen. Bi luze eskalatu ondoren, nire lehen bibaka antolatu nuen. Lehen egun horren balorazioa ona izan zen. Eskalatutako metroek konfiantza eta eraginkortasuna eman zidaten. Bibaka ez zen batere erosoa izan, ia metro bateko erlaitz batean igaro bainuen gaua. Nahiz eta hotza egiten zuen, ondo sentitu nintzen.

Bigarren eguna ez zen batere erraza izan. Banekien aurretik nituen 500 metroak zailtasunean iraunkorrak zirela. Besteak beste, M5 eta M7 arteko luzeak gainditu behar nituen. Bibakera heldu aurretik, argi nuen eskalada horretan eraginkorra izan behar nuela.

Gainditu nituen luze horiek ederrak izan ziren. Gainera, izotzik ez zegoenez, dena mistoan eskalatu nuen. Mantso joan nintzen, baina erritmo oso egokian. Eta azken hori diot nire atzean zegoen sokadak ez ninduelako aurreratu. Hamar luze igo eta gero, zeharkaldi deseroso batekin egin nuen topo. Ia horizontala zen, eta izotz beltza zuen. Azkenean, lan gogor horrek nire bigarren bibakera eraman ninduen. Antolatzen ari nintzela, gaua heldu zen. Nahiko lasai nengoen. Banekien hirugarren eta azken eskalada eguna ez zela oso luzea eta zaila izango. Aurretik 200 metro eta bidearen azken giltza (6b).

Nahiz eta hotz handia egin eta haizea altxatu, oso gogotsu ekin nien azken metro horiei. 6b maila duen luzearen aurrean nengoen. Denek diote ez dela erraza. Esfortzua eskatu zidan, baina uste dut aise gainditu nuela. Ondoren, iparraldeko korridorean sartu eta Druko gailurrera iristea lortu nuen. Bakarkako jarduera eder bat izan zen, eta oso harro nago ‘Leuseur’-en eginiko lanarekin. Hots, bakarkako nire lehen igoerarekin».