Arnaitz GORRITI
BURUZ BURUKO TXAPELKETA

Unai Laso finalerdietara, Jaka airean eraman eta gero

Nafarrak sekulako partida jokatu du eta ez dio aukerarik eman Lizartzakoari.

JAKA 5

LASO 22


Unai Laso Buruz Buruko Txapelketako finalerdietarako sailkatu zen atzo, Erik Jaka –2020an Buruz Buruko txapeldun izan zen bera– airean eraman eta gero. Une hauetan, nornahi etor lekioke Bizkarreta-Gerendiaingo pilotariari: etorri etorriko zaio, baina irabazteko, izerdia latz bota beharko du, aurre egingo badio.

«Izugarri pozik nago. Eroso eta gustura sentitu naiz kantxan eta ia dena ongi atera zait. Hori zen helburua eta lortutakoa lortuta, oso-oso gustura nago», onartu zuen Unai Lasok partida amaitu berritan, irribarrea aurpegian kabitu ezinik.

«Jokorik gabe laga dut eta Erikek huts batzuk ere egin ditu. Oso sentsazio ona da hau, baina oso arraroa da, ez baita oso ohikoa halako partidak ateratzea», onartu zuen, halaber, aurrelari nafarrak.

Labriteko emaitzaren ondorioz, Beñat Rezusta finalerdietara sailkatzeko aukerarik gabe geratu da. Ondorioz, datorren astean Jakak eta Artolak elkarren aurka jokatuko duten norgehiagokan erabakiko da zeinek egingo dion lagun Lasori.

Aukerarik eman gabe

Aurreneko sakea Unai Lasok izan zuen, eta lehenengo tantoa ere berarentzat izan zen; baina Jakak bana eta bina berdintzea lortu zuen bederen. Kito, ordea! Hortxe amaitu zen neurketa. Akordatzerako pilotari nafarrak 2-9 hanka egin zuen markagailuan. Etortzeko zegoen erauntsiaren aurreneko bolada baino ez zen hura, alabaina.

Erik Jakak ez zuen aukerarik izan, Unai Lasok ez baitzion aukerarik eman. «Kantxan jarri ere egin ez naizen sentsazioa neukan. Agian sake labur horietako batzuekin zerbait gehiago egin nezakeela uste dut baina, hala ere, bigarren pilotakada airez errestatzen zazpi eta erdian edo zortzian jarri behar nintzen…», esan zuen, penetan, Lizartzakoak.

Piloteoa izan zen aldi bakanetan ere –orotara 138 pilotakada izan ziren– pilotari nafarrak oinetara jokatu zion Lizartzakoari –Jon Mariezkurrena botileroak hala aginduta– eta, behin abantaila lortuta, eskuin esku fresko horrekin pilota nahi izan zuen lekuan jartzen zion. Pilotakada bi errebotera bota zituen nafarrak eta aurrean, berriz, akordatutako jokaldi guztiak errematatu zituen, eta denak bikain.

«Berdin dio zeinen kontra jokatu beharko dudan finalerdietan. Beste multzoan berdintasun handia dago eta egokitzen denak maila ikaragarria izango du», adierazi zuen Unai Lasok.

Baina uneotan, egiaz ikara ematen duen pilotaririk bada, Laso bera da.