GARA Euskal Herriko egunkaria

Bidekotxo bat


Surflari baino lehenago trikitilari izan nintzen. Une batean, surflari eta trikitilari ere izan nintzen, aldi berean, eta azkenik, surflari soil bilakatu nintzen. Trikitixa txapelketetan ere parte hartu nuen kide nuen Axierrekin. Oraindik Andoni Egañak gure abestietarako eginiko hitzak ere oroitzen ditut. Honela zioen euskal jaietarako espresuki egindako abestiak: «Elurretan erorita hotzak dagon señorita, halakoxea da Zarautz, hauskorra bezain polita. Edanez gero bi kopa saltoka eta brinkoka, Zarauzko euskal jaia da festa zaleen bikoka. Nahiz kanpotarrak ugaldu, geurerik ez dugu saldu, osaba zaharren hizkuntza oraindik ez dugu galdu».

Surflari egin nintzenean albo batera utzi nuen trikitixa eta musika punkia entzuten hasi nintzen. Aitzitik, bidean ez dut panderoa jotzeko aukerarik galdu. Duela gutxi, Zarauzko surf txapelketa herrikoian jo genituen pieza batzuk kontrako bidea egin duen “Matu”, nire lagunak eta biok. Euskal herriko surflari hoberenetako bat trikitilari izateko bidean da. Egungoak, ordea, ez dira garai hoberenak soinu txikiarekin plazak alaitzeko; izan ere, duela gutxi 300 euroko isuna jarri zioten Maturi kalean trikitixa jotzeagatik, zortzi ertzain eta lau udaltzainen artean. Beti esan dut trikitixa jotzea baino gauza iraultzaileagorik ez dagoela, trikitixa, funtsean, punkia baita, probokatzailea.

Zoritxar batek ekarri dizkit gogora surfa eta trikitixa bateratzen nituen garaiak. Sekulako kidea nuen, trikitilari azkarra, belarri finekoa eta, batez ere, irudimen handikoa. Oroitzen dut, behin, Azken Portu auzoko festetan taberna eta taberna artean atseden hartzen ari ginela, sasoi hartan sekulako arrakasta zuen Europe taldearen abesti bat jotzen hasi zela Axier. Orain trikitixa edozer gauzarekin nahasten da, baina orduan, trikitixa trikitixa zen eta punto. Norbait eskusoinu batekin bestelako zerbait jotzen entzun nuen lehen aldia izan zen eta liluratuta geratu nintzen. Panderoarekin halako zerbait jotzea ezinezkoa zela iritzi nion, baina nire kideak baietz zioen, garaiei ni baino aurreratuago baitzegoen. Bere amak etxetik entzun gintuen eta kalera jaitsi zen tontakeriak utzi eta trikitixa zintzo jo genezan eskatzera. Kasu egin genion, bai baikenekien gurasoek beti gure hobe beharrez egiten dutela.

Garai haiei esker gara egun garena. Oraindik trikitixa jotzen dut ahal dudanean, Arrasateko RIP taldearen logo punkia marraztua dut panderoaren atzealdean eta baita nire surf taula guztietan ere. Autoko irrati-kasetean trikitixa, punka eta hardcorea txandakatzen ditut, unean dudan umorearen arabera, eta surf egiten dudanean ere sarri trikitixa doinuak ditut buruan, nerabezarotik nire oroimenean iltzatutakoak.

Azken Portuko festetan Axierrek jo zuen Europe taldearen abestia “The Final Countdown” zen (“Amaierako atzerako kontaketa”). Orain hi ere joan haiz, bota militarrak jantzita, RIPen kamisetarekin eta Natxo Cicatrizen makulua soinean hituala. Ez zen eskusoinuarentzat adina leku hilkutxan, baina nik bazekiat trikiti doinuak ere hirekin eraman dituala. Elkarrekin sarri abesten genian Anbotoko sorginen abestiak zioen moduan, «bidekotxo bat haien arimaren alde eta erromeria bizirik badaude». Bidekotxo bat hiretzat ere Xoxi.