GARA
ARRAUNA

Zierbenako «galipoak» nagusi, Pasaian jokatu den Espainiako Batel Txapelketan

Zierbenako «galipoak» nagusitu ziren, atzo, Pasaian jokatu zen Espainiako Batel Txapelketan.

Bizkaitarrek hasi eta buka estropadaren branka sartu zuten eta ez zen aurrea hartzeko kapaz izan inongo lehiakiderik. Borja Gomez patroi hartuta, Carlos Palazuelos, Alberto Gonzalez, David Duran eta Sergio Montenegrok osaturiko eskifaiak ez zuen parekorik aurkitu gizonezkoen senior kategoriako final nagusian.

Zilarrezko domina zeinek lortu, hor askoz lehia biziagoa izan zen, egia esan, Donostiarra eta Samertolameu ontzien artean. Hasiera batean Kaiarribako gipuzkoarrak aurretik ibili baziren ere, galiziarrek branka sartu ahal izan zioten azken luzean eta haientzat izan zen zilarrezko domina, donostiarrek brontzearekin konformatu behar izan zuten bitartean.

Esan behar, gizonezkoen senior finalak birritan ekin behar izan ziola, aurreneko irteera ustela izan baitzen. Areseko traineruak hanka egin zuen eta zigorra jaso, ondorioz. Behin irteera balekoa eman ostean, aldiz, ez zen kolorerik izan eta Zierbenak ia hiru ontziko aldea atera zien atzetik zetozenei.

Domina gehiago

Haurretatik hasi eta senior kategoriaraino, domina uzta polita eskuratu zuten Euskal Herriko taldeek; mutilen kategorian, batik bat. Emakumeei dagokienez, urrezko domina bakarra lortu zuten; Pasai Donibane etxeko traineruak gazte-kategorian irabazi zuena, hain justu. Kaiku eta Isuntzak, hurrenez hurren, bete zuten kategoria horretako podiuma.

Mutilen gazte-kategoriari dagokionez, hor ere Pasai Donibane nagusitu zen, Santurtziko Itsasoko Amaren aurretik. Deustuko Arraun Taldea, berriz, kadete mutilen estropadako urrezko dominaren jabe egin zen. Haur-kategoriako mutiletan, aldiz, podiumera igo zen euskal talde bakarra Arkote izan zen, hirugarren, Puebla eta La Planchadaren atzetik.