MAY. 03 2022 Propp Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Iraultza aurretik, folklorea klase zapalduen sormena zen: nekazariak, analfabetoak, soldaduak, langileak eta artisau erdi analfabetoak. Gaur egun, folklorea da, esanahiaren benetako zentzuan, herri sormen bat. Iraultzaren aurretik, folklorea goitik behera aritzen zen zientzia zen». Hauxe idazten zuen Vladimir Propp ikerlari sobietarrak “Ipuinaren sustrai historikoak” liburuaren sarreran. Berak, ordea, herri sormenari bere horretan duen garrantziarekin heldu zion, horizontaltasunetik. Iraultza sobietarra gertatu berria zen garai haietan, iraultzaile izan nahi zuen. Propp herri kontakizunen, kontu zaharren, ikerlari handienetakoa dugu. Errusiako herri ipuinak aztertuz, A.N. Afanasiev handiaren bildumatik hartuak, ospetsuak egin diren 31 funtzio atera zituen. Funtzio horiek ipuinetako pertsonaia nagusiak, heroiak, beteko dituen funtzioak azaltzen dizkigute. Horrekin frogatu nahi izan zuen ipuin guztiek egituretan antzekotasunak zituztela, funtzio horiek denetan agertzen direla, ipuina edozein izanik. Eta kontu zaharrak uler genitzan tresna izugarria eskaini zigun. Kontalariontzat ikerlari hauen lanek sekulako garrantzia dute gure langintzan. Alde batetik, biltzaileen bildumei esker, material zoragarria dugu eskura geure errepertorioak osatzeko. Bestetik, ipuinen gainean egiten diren ikerketek laguntzen digute ipuin horien munduak ulertzen, baita gure ofizioa bera ezagutzen ere. Kontalaritza garaikidea hankamotz legoke ikerlari eta biltzaile horien lan ederrik gabe. Mundua iraultzea zailagoa litzateke.