GARA Euskal Herriko egunkaria

ELAk auzitegietan egingo du Douglasko espedientearen aurka

Enplegua erregulatzeko Douglas lurrindegi kateko espedientea aurkaratuko du ELAk. Hego Euskal Herrian 120 langile kaleratzea aurreikusten du enpresak, CCOOk eta UGTk adostutako espedienteak eta gainerako langileen baldintzak okertu egingo dira. ELAren esanetan, Douglasek digitalizazioaren alde egindako apustua da espedientearen atzean dagoen benetako arrazoia. Nabarmendu duenez, «sindikalki eta judizialki» borrokatzen jarraituko du.


ELAk enpleguaren defentsan «eskura dituen neurri guztiak» aztertuko zituela iragarri zuen apirilaren bukaeran eta enplegua erregulatzeko Douglas lurrindegi kateko espedientearen aurka auzitegietara joko duela azaldu zuen atzo. Izan ere, bere ustez, Douglasek ez ditu egiaztatu espedientea onartzeko alegatutako arrazoi ekonomikoak.

Enpleguaren aldeko eta denden itxieren aurkako mobilizazioak egin dituzte langileek egunotan, behin joan den astean Douglasko erregulazio espedientearen kontsulta aldia bukatuta. Zuzendaritzak Estatu mailako akordioa lortu du CCOO eta UGT sindikatuekin, eta, ondorioz, ELAk salatu duenez, «ia mila pertsona kaleratuko dituzte» orotara. Euskal Herrian 120 langilek galduko dute lana eta «gainerako langileen lan baldintzak okertu egingo dira», nabarmendu duenez.

ELAren iritziz, multinazional alemanak digitalizazioaren alde egindako apustua da erregulazio espedientearen atzean dagoen benetako arrazoia. Enpresak azken bileratik kanporatu zuela ere salatu du ELAk. Sindikatuak akordioa sinatu ez zuenez, bertan egoteko eskubidea ez zutela aitzakia hartuta kanporatu zituzten bere ordezkariak. ELAren ustez, kanporatzea «askatasun sindikalaren urraketa argia» da.

Douglasen aurkako demanda bat jarrita zuen aurretik ere greba eskubidea urratzeagatik. Izan ere, grebalariak beste langile batzuekin ordezkatu zituen. Bada, datozen egunetan ELAk Auzitegi Nazionalean beste demanda bat erregistratuko du, oraingoan erregulazio espedientea atzera botatzeko asmoz. Argi utzi du «eskura dituen arma guztiekin sindikalki eta judizialki» borrokatzen jarraituko duela.