GARA
NEW DELHI

Alerta piztu da Indian eta Pakistanen 47 gradurainoko bero boladagatik

Indiak astebete darama ezohiko beroaldia jasaten, toki batzuetan 47 graduraino iritsi diren tenperaturekin. Gainera, ohi baino lehenago iritsi da bero bolada. Argindar- eta ur- hornikuntzan arazoak sortzeaz gain, zabortegietan suak eragin ditu.

Indiako Gobernuak alerta egoera ezarri du, azken egunotan herrialdera iritsi den bero-boladari aurre egiteko, iparraldean bereziki itogarria dena. Izan ere, aparteko beroaldiak 47 gradurainoko tenperaturak eragin ditu Banda hirian, Uttar Pradesh estatuan.

Indiako ipar-mendebaldean eta erdialdean inoizko apiril beroena jasan dute duela 122 urte erregistro meteorologikoak egiten hasi zirenetik, Mrityunjay Mohapatra Indiako Meteorologia Departamentuko buruak joan den larunbatean azaldu duenez.

Hurrengo egunetan bero bolada areagotu egingo dela ere iragarri du. Baliteke bost egun irautea eta tenperaturek 50 graduren marka gainditzea Indiako iparraldean, Mohapatrak jakinarazi zuenez. Asteburuan tenperaturak leuntzea espero bada ere, maiatza hilabete beroena izan ohi da, joerek adierazitakoaren arabera.

Joan den ostegunean tenperatura 46 gradura iritsi zen Delhin. «Inoiz ez dut halako berorik bizi izan apirilean», adierazi zuen Dara Singh 65 urteko dendariak.

«‘Paan’ (mastekatzeko tabakoa) saltzeko erabiltzen ditudan betel hostoak ohi baino azkarrago zimurtzen dira. Normalean maiatzean gertatzen da, uda betean», gehitu zuen.

Krisi elektrikoa

Azken astean, gainera, herrialdeko hainbat estatuk krisi elektriko bat izan dute, ikatz eskasiaren erdian, argindar kontsumoa igo dela eta.

Eskualde askok, Delhi eta inguruak barne, energia mozketak eta ur eskasia jasan dituzte. Horrela, Rajastaneko ipar-ekialdean, Gujarateko mendebaldean eta Andhra Pradesheko hegoaldean argindarra eten egin dute lantegietan kontsumoa murrizteko.

Indiak ikatza erabiltzen du elektrizitatea sortzeko eta agintariek estatuetara ikatza garraiatzen duten trenen kopurua handitu dute, eskasiari aurre egiteko. Bestalde, eskualde askok pairatzen duten ur eskasia larriagotu egingo da, ekainean eta uztailean montzoiak euria ekarri arte.

India planetako lekurik beroena bihurtu da ia, Accuweatherrek adierazi zuenez. Indiar batzuek tenperatura horiek klima aldaketari egozten dizkiotela gaineratu zuen.

Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, «goizegi da Indian eta Pakistanen muturreko beroa klima aldaketari bakarrik egozteko». Hori esanda ere, agentziak ezohiko beroaldia klima aldaketan espero dugunarekin bat datorrela ohartarazi du.

Indian uda apirilean hasi eta uztailaren hasieran amaitzen da, eta sasoi horretan dozenaka pertsona hiltzen dira urtero intsolazioak jota edo infekzio gastrointestinalen ondorioz. Adituek diote oraingo bero-bolada martxoaren hasieran iritsi zela eta udako batez besteko tenperaturak urtero gora egiten duela.

«Klima aldaketaren eraginez Indian tenperatura altuak izateko aukera handiagoa da», esan zuen Imperial College Londoneko Grantham Institutuko Mariam Zachariah doktoreak. «Giza jarduerak planetaren tenperatura igoarazi aurretik, Indiak hil honen hasieran izan zuen tenperatura 50 urtean behin bakarrik ikusten zen», gaineratu zuen adituak. «Orain lau urtean behin espero ditzakegu halako tenperaturak», ohartarazi zuen.

Sua, zabor mendietan

Joan den asteartean 60 metroko altuerako Bhalswa zabor mendian, Delhi iparraldean, sutea piztu zen eta ostegunean suhiltzaileek sua itzaltzeko lanean jarraitzen zuten. Hala, airearen kutsadurari ke lodia gehitu zitzaion.

Beste hiru sute ere piztu ziren apirilean Ghazipur hiriburuko zabortegi handienean, 65 metroko altuera duen zabor mendi erraldoian. Pradeep Khandelwal Delhiko hondakinen kudeaketarako departamentuko buru ohiaren arabera, sute horiek guztiak neurrigabeko tenperaturek sortzen dituzte, ziur asko, hondakin organikoen deskonposizioa bizkortzen dutelako.

Glaziarren urtzea

Pakistanen erreskate zerbitzuak alerta gorenean jarri dituzte iparraldean bat-bateko uholdeak gerta daitezkeelako, tenperatura altuek glaziarrak azkar urtzearen ondorioz.

Pakistan ere 48 gradura iritsiko da Sindh landa-eremuko toki batzuetan, Pakistango Meteorologia Elkarteak iragarri duenez. Aurtengo martxoa 1961etik erregistratutako beroena izan da, Pakistango meteorologia bulegoak jakinarazitakoaren arabera.

«Hondamendiak kudeatzeko agintaritza eta komunitate kalteberak ohartarazi ditugu», adierazi zuen larunbatean Shahzad Shigri Gilgit-Baltistango probintziako Ingurumena Babesteko buruak.

Pakistan iparraldeko mendikateetako glaziarrak (Hindu Kush, Himalaia eta Karakorum) azkar urtzen ari dira, eta Gilgit-Baltistan eta Jiber Pajtunjwan eskualdeetan 3.000 aintzira baino gehiago sortu dira tenperaturen gorakadaren ondorioz.