Jon ORMAZABAL
PILOTA

Erresilientzia kontua bilakatu da Buruz Burukoa

Altunak larunbatean jokatuko du; Zabalak uko egin dio Promozioko finalerdiari.

Horren modan dauden muturreko reality horietako bat balitz bezala, Buruz Buruko txapelketa erresilientzia kontu bat bihurtu dute aurten, eta arazo, ezbehar edo nekea hobeto kudeatzen duen pilotariak asko izango du aurreratua txapelaren lehian. Dema horretan, Jokin Altuna hurrengo kapituluan izango da, ezker eskuan zituen arazoak gainditu, edo gutxienez hobetu, eta bihar Jose Javier Zabaletaren aurkako partidan jokatzeko hautua egin baitzuen atzo Donostian egindako saioaren ostean. Profesionaletan bere une gozoenean zen Javier Zabala errioxarrak, berriz, uko egin behar izan zion gaur Baños de Rio Tobian jokatu behar zuen Promozio mailako finalerdiari, asteartean Ezkurdiarekin entrenatzen ari zela orkatila bihurrituta. Azken ordura arte saiatu arren, Logroñokoak ezin izan du garaiz osatu eta, hortaz, Iker Salaberriak lortu du finalerako txartela, eta Alberdi anaien artean gaur Urduñan nagusitzen dena izango du aurkari.

Berezkoak ditu, ordea, kirolak lesioak eta, alde horretatik, patuari baino ezin zaio egotzi Zabalaren zoritxarra, keinu txar baten ostean heldu baitzen oinazea, noiz eta unerik desegokienean. Besterik da, ordea, lehen mailan gertatzen ari dena.

Datuak ere esanguratsuak dira alde horretatik. Partidatik partidara bi asteko atsedena izan duten lehiaketa sistema batekin, Zabalarena izan da bigarren mailako final-laurdenetako ligaxkan jokatzeke geratu den partida bakarra; hiru dira, ordea, lehen mailakoen artean bertan behera geratu direnak eta laugarrena azken orduan eta zalantza dezenterekin salbatu ahal izan du txapeldunak.

«Zail ikusten nuen»

«Egia esan, oso zail ikusten nuen iristea, baina azken egunetan hobetu dut eta jokatzeko moduan nago eta gustura», azaldu zuen Jokin Altunak probatu eta jokatzeko erabakia hartuta. «Hobeto nago, azken egunetan eskua goxoago daukat; asko izorratu nuen Darioren aurkako partidan eta denbora behar izaten du ondo jartzeko. Aurreko astean ezinezkoa nuen jokatzea, oraingoan zail ikusten nuen, baina kantxara irteteko baldintzetan nago eta irtetea erabaki dut».

Hori bai, onartu behar izan zuen larunbatera ez dela nahiko lukeen bezain ondo helduko: «Pilotaria %100ean, ondo entrenatuta dagoenean eta astez aste jokatzen ari denean egoten da. Nire kasuan hala heltzea oso zaila da, baina lehen ere izan ditut arazo gehiago. Gainera, %100ean uste dut inor ez dagoela; aurten are gutxiago esango nuke. Aurkari batzuek ere ezin dute aste honetan jokatu, ziur nago beste batzuk ere justu egonda ez dutela esango, denek ditugu zailtasunak, Josek asteartean jokatu zuen... Baina ondo nago, kantxara irteten banaiz irabazteko aukerak ditudala uste dudalako da».

Normala denez, asko hitz egin da Jokin Altunaren egoeraz; ez horrenbeste, bere aurkari izango den Jose Javier Zabaletarenaz, eta etxarrendarrak ere baditu bere sasoiaren inguruan zalantzak izateko motiboak. «Nola egongo naiz ba, duela bi egun jokatu eta bi egunera berriz ere jokatu behar badut? Ikusten ari gara partidak gogorrak izaten ari direla eta hemen denok hartzen ditugu kolpe txarrak eta osatzeko egunak behar ditugu, nik izango ez ditudanak», azaldu zuen.

Haserre puntu bat ere agertu zuen nafarrak. «Berak eta beste pilotari batzuek egun gehiago izan dituzte partidak jokatzeko eta oso denbora gutxi iruditzen zait, asteartetik larunbatera, errekuperatzeko. Ez da normala pilotari batzuek hamabost egun izatea eta beste batzuek, hiru baino ez. Ni ahalik eta hobekien egiten saiatuko naiz».

Asteburua nolabait konpondu badute ere, enpresek badute lana hurrengo urterako gauzak nola hobetu pentsatzen.