Jon ORMAZABAL
PILOTA

Unai Lasok lesioa du eskuin bizepsean eta finalerdirik gabe gera daiteke

Aurtengo Buruz Buruko Txapelketako lesio parteak ez du etenik eta, Baikok jakitera eman duenez, Unai Lasok datorren asteartera arte geldirik egon beharko du. Mediku txostenaren arabera Bizkarreta-Gerendiainekoak «lesio muskulotendinosoa» du, 1. gradukoa, «eskuin besoko bizeps brakialean». Aurrelari nafarrak aurreko larunbatean Erik Jakaren aurkako partidan zehar izan zituen lehen sintomak eta, partida nolabaiteko normaltasunez amaitu bazuen ere, astean zehar egindako entrenamendu batean mina berriro agertu zaio eta horregatik uko egin zion atzo Rezustaren aurka Baños de Rio Tobian jokatu behar zuen partidari.

Inguru horretako lesioak nahiko ohikoak eta latosoak dira pilotarien artean, esaterako, Lasok berak antzeko lesio bat izan zuen 2019ko udan. Kontuz ibili beharrekoak ere badira, haustura batek zenbait hilabetez geldirik egotea behartu baitezake. Momentuz badirudi Lasok ez duela hausturarik eta aurrelari nafarra fisioterapia eta elektroterapia tratamendua egiten hasi da. Maiatzaren 10era arte ez du bere kirol-jarduera berrabiaraziko.

Erabakia, asteartean

Horrenbestez, datorren asteartean egingo duen proban erabakiko du Lasok maiatzaren 14an jokatu beharreko finalerdietako partida jokatzeko moduan den –Altuna eta Zabaletaren arteko gaurko partidako irabazlearen aurka–. Kantxaratzeko moduan ez balego, bere multzoan hirugarren tokian sailkatutako pilotariak hartuko luke bere lekua, hau da, bihar Bilbon jokatuko duten Erik Jakak eta Artolak egingo lukete aurrera, biek ere Rezustaren aurkako euren partidak irabazi baitzituzten.