Andoni ARABAOLAZA
ALASKA

Pyramide Peak-ek ez du saihestu alpinista talde baten ziztada

Matt Cornell eta Jackson Marvellek zailtasun handiko «Techno terror» bidea ireki dute mendiaren mendebaldeko aurpegian.

Alaskako mendilerroetan denboraldiak aurrera jarraitzen du, eta, duela aste batzuk gertatu bezala, Revelation Mountains katean jarduera oso gogorrak egin berri dira. Pyramid Peak izan da “geltokia” oraingoan. Eta protagonistak Alaskako jarduera alpinoetan eskarmentu handia duten bi lagun: Jackson Marvell eta Matt Cornell.

Bi alpinistok ez zuten mendi garai bat aukeratu; hiru mila metrora ez da heltzen. Baina maiz aipatu izan dugu Alaskan eskalatzea ez dela batere “erosoa”. Askotan urrutiko leku basati eta bakartietan (hegazkinez hurbildu behar da) jartzen dute praktikan alpinismoa. Eta jakina, ezin dugu ahantzi muturreko eguraldiak asko baldintzatzen dituela eskalatzaileen jarduerak.

Horregatik ez gaitu harritzen Pyramid Peak-ekin orain arte gertatu dena. Eta hori diogu mendiaren lehen igoera 2014. urtean iritsi zelako. Lise Billon, Jeremy Stagneto, Jerome Sullivan eta Pedro Angel Galan izan ziren ohore hori izan zutenak. Laukote horren igoera mendebaldeko aurpegian izan zen, eta Cornell eta Marvell horma berdinean izan dira. Joan den apirilean, biek osatutako sokadak 1.100 metroko bide berri gogorra zabaldu zuen: “Techno terror” (AI6, M7+R, A0).

Antza denez, marra horrek ez zituen alpiniston indarrak xahutu. Izan ere, Jack Cramer eta Austin Schmitzekin ipar-mendebaldeko hormara abiatu ziren jarraian, eta kilometro luze den “Smoke em if you got em” (AI5+, A2) sortu zuten.

Izenburu horiek aipatu ondoren, Marvellek berak zehaztasun gehiago eskainiko dizkigu Alaskako Revelation Mountains mendilerrora eginiko bidaiaz eta lortutako arrakastaz.

Pyramid Peak

«Duela sei urte, Pyramide Peak mendiaren argazki bat ikusi eta eskalatzeko oso zaila zen marra batek erakarri ninduen. 2017. urtean, Paul Robertsonek eta biok jaso ez genuen dirulaguntza bat eskatu genuen bertara joateko. Aurreratu behar dut Revelation Mountains katean eskalatzea garestia dela oso.

2020. urtean, berriz, xede honen berri eman nion Mattiri. Baina pandemiak ez zigun bidaiatzeko aukerarik eman. Iaz, berriz, Matt espedizio hau finantzatzeko erabali dugun sari batekin egin zen. Baina berriro ere ez genuen zorterik izan; izan ere, eguraldi kaskarrarengatik, hango glaziarrera eramaten zaituen hegazkina aireportuan irten gabe geratu zen.

Iragan martxoan etxetik irten eta Alaskara heldu ginenean, Golgotha mendian goi mailako bide bat zabaldu zuten Andres Marin eta Clint Helander eskatzaileek Pyramid Peak mendiaren argazki bat helarazi ziguten.

Aurreratu behar dut ere aurtengo irteera ez dela batere samurra izan. Astebete egin genuen Talkeetnan. Eguraldiak hegazkina hartzea eragotzi zigun hasiera batean, naina, zorionez, astebeteko eguraldi egonkorra iragarri eta gure helburura abiatu ginen.

Kanpalekua antolatu eta duela urte batzuk ikusitako xedea aztertu genuen. Oso gogorra zenez, beste helburu batekin buru belarri jarri ginen.

Apirilaren 10ean lehen urratsak egin genituen. Lehen 210 metroak soka bizkar-zorrotik atera gabe aise gainditu genituen. Sekzio zailenetan, aldiz, soka gerrira lotu eta blokeka eskalatu genuen. Lehen tarte horretan, Mattek lan ederra egin zuen izotzezko plaketan. Ondoren, sokaburu jarri nintzen. Egoera arriskutsua zen, besteak beste, eskalatzen ari nintzen izotza oso mehea zelako.

Tarte hori igo eta gero, Matt aurrez aurre genuen arrokazko sekzio batean (‘kristalezko izkina’ deitu genion) sartu zen. Metro horiek zailak baino zailagoak (M7) izan ziren. Arriskutsuak ere bai. Nik espoloi horren azken metroak eskalatu ostean, elur-zelai batera heldu ginen.

Beste luze batzuk eskalatu, rappel bat egin eta bibakera iritsi ginen. Biharamunean, 09.30ean. bibaka utzi eta eskalada teknikoa hasi arte ensamblean igo ginen. Bidearen azken giltza askatzeko pronto ginen. Ardura hori nik hartu nuen. Korridore estu batean sartu nintzen. Eta hura amaitzean, sabai batekin egin nuen topo. Bidearen oinarritik izotz pixka bat zuela iruditu zitzaigun. Une zailak izan ziren. Matti esan nion arreta handiz aseguratzeko. Goiko sekzioetatik erortzen zen elurrak ez zidan ezer ikusten uzten. 50 metro gorago, elurra zulatu eta sabaira iritsi nintzen.

Zorionez, sabaiaren izkina batean izotza ikusi nuen. Han sartu eta erritmo onean gainditu nuen. Sabaiaren gainean beste izotz tarte bat ikusi nuen. Bi luzeetan, Mattek tarte bertikal hori azkar igo zuen. Gailurraren azken aldatsetan geunden. Mistoko azken luzeak egin eta Pyramid Peak-en tontorra zapaldu genuen. Kafe pixka bat hartu eta jaitsierari ekin genion. Iparraldeko ertza zain genuen. Sei rappel egin eta iparraldeko aurpegian dagoen korridore handi bat sokarik gabe jaitsi genuen.

‘Techno terror’-en bizi izan genuen eskarmentuaren ondoren, bi egun atseden hartzen egon ginen. Apirilaren 14an, Mattek eta biok mendiaren ipar-mendebaldeko hormatzarrean bide berri bat sortzeko ekinaldi bat egin genuen. Espedizioa dokumentatzeko bidaiatu zuten Austin Schmitz eta Jack Cramer kideek gurekin eskalatu zuten.

Aukeratutako bidea agerikoa zen. Izotza eta elurra nagusi ziren, eta paretaren lehen bi herenak igo eta gero jardueraren giltzarekin egin genuen topo. Hasiera-hasieratik eskalada tekniko eta tenteari (70 eta 90 gradu artekoa) egin genion aurre. Elur-zelai batek bidearen giltzara eraman gintuen. Elurraren baldintzak oso onak ziren, eta AI5+ zailtasuneko tarte luze bat eskalatu genuen.

Ondoren, korridorea zatitzen zuen arrokazko tarte batek bidea ixten zuen. Era askean igotzen saiatu nintzen, baina arrokaren barruan gehiegi sartu eta, azkenean, metro horiek artifizialean gainditu nituen. Sekzio horren ostean, 70 eta 80 graduko aldats batzuk gainditu eta laurok gailurrean ginen. Aurreko eskalada ez bezala, bigarrenean ez genuen bibakik egin. 19.30ean tontorrean geunden. Zigarro batzuk erre eta ezaguna genuen jaitsieran sartu ginen. Arazorik gabe eta pozarren kanpalekura heldu eta egun batzuk ezer egin gabe igaro genituen.

Zerua oskarbi zen eta leiho on txiki bat ere iragarri ziguten. Aitzitik, Mattek eta biok erabaki genuen ordua zela jada etxera itzultzeko. John Varco garaiz iritsi zen hitzordura, eta bere hegazkinarekin berriro Talkeetnara eraman gintuen».