Jon ORMAZABAL
PILOTA

Txapeldunaren gidaliburuak beti du erantzun egoki bat

Zabaletaren joa desaktibatu eta uste baino errazago gailendu da Jokin Altuna.

ALTUNA III 22

ZABALETA 5


Dohain fisiko eta teknikoak gorabehera, une bakoitzean, kantxa barruan eta kanpoan, beti erabaki zuzena hartzeko gaitasunak bereizten ditu noizbehinka sortzen diren txapeldun handiak eta pilotari onak. Beste behin, Jokin Altunak sailetik apartekoa dela berretsi zuen Atano III.ean, Jose Javier Zabaleta egurtu eta buruz buruko finalerdietarako txartela eskuratuz.

Aspaldiko bi asterik zailenak izango ziren, ezbairik gabe, azkeneko biak amezketarrentzat, baina emandako pausu guztiak borobil irten zaizkio azkenerako, gertatu behar zirenak aurreikusteko dohain berezia balu bezala. Hala, hirugarren urtez jarraian lau onenen artean izango da –2018tik buruz buru jokatu diren bederatzi txapelketetatik zortzitan izan da finalerdietan– eta zalantzan zuen ezker eskua apenas behartu gabe egin zuen gainera.

Arriskuak hartuz –partida amaituta Ezkurdiaren aurka inolaz ere jokatzerik ez zuela berretsi zuen–, bere kartak bikain jokatu zituen Altunak araudiak eskainitako aukerei etekina ateraz, eta atzo kantxan ere gauzak akademikoki egin zituen, partida latzak jokatzetik zetorren Jose Javier Zabaletaren dohain guztiak desaktibatzea lortuz.

Zabaletaren zalantzak

Astearteko jipoi fisikoari buelta emateko nahi eta behar baino denbora gutxiagorekin, etxarrendarra zalantzaz josita kantxaratu zen Atano III.era. Aurkariak berehala usaindu zuen odola eta bere sen hiltzaileak ez zion atzokoan ere hutsik egin amezketarrari. Lehen sakea atzelariari egokitu bazitzaion ere, Altuna denak ematera irten zen eta 9-0ko partzial batekin erantzunik gabe utzi zuen aurkaria. Horretarako, Ezkurdiak eta Dariok aurreko bi asteetan gauzatzerik izan ez zuten estrategia erabili zuen; ahal zuen bakoitzean ezkerrez gantxoa ondo markatu eta Zabaleta kontrakantxarantz bultzatu zuen.

Zuzen jokatzeko modua duenean, ia guztiz ezinezkoa da etxarrendarrari piloteoan aurre egitea –atzo eskuin eskua onenean ez zuen itxura ere eman zuen–, baina ezker-eskuin aritu behar duenetan, atzelari batean normalak diren gabeziak antzematen zaizkio, nahiz eta hankaz ere oso pilotari azkarra izan.

Taktika egokia izan eta muturreraino eramatea lortu bazuen ere, beste gauza asko ere egin zituen ondo Altunak. Hasteko, sakearekin bikain moldatu zen, pilotari abiadura eta norabide ona emanez. Partida erdira arte edo, Zabaletak botera erantzun zituen sake guztiak eta sake-errematearekin ere asko sufritu zuen. Kontrara, partida galdua zuela seitik ateratzen hasi zen arte, izan zituen aukera urrietan ere apenas egin zion minik Altunari atzelari nafarrak.

Eta ezkerra ahal bezain beste gordetzea lortu bazuen ere, eskuinez fresko aritu zen egungo txapelduna, pilota atzeratu eta baztertuz eta Zabaleta airez defendatzera behartuz. Gauzak horrela, partidak apenas izan zuen historiarik eta txapeldunak uste baino errazago lortu zuen, osatzerik badu, Lasoren aurka jokatzeko txartela.