GARA
RAMALLAH

Palestinak estatu-hiletan eman zion azken agurra Xireen Abu Akleh kazetariari

Gaita doinuekin, ohorezko guardiarekin eta hilkutxa bandera palestinarrean bilduta, azken agurra eman zioten palestinarrek joan den asteazkenean indar israeldarrek erail zuten kazetari Xireen Abu Akleh-ri eta krimena zigorrik gabe ez geratzeko eskatu zuten.

Milaka palestinarrek omendu zuten Xireen Abu Akleh Al Jazeerako kazetaria, militar israeldarrek joan den asteazkenean Zisjordanian eraildakoa.

Agintari palestinarrek, atzerriko diplomazialariek eta palestinar andana batek parte hartu zuten estatu-hiletan, Ramallah-n, Palestinako Aginteak Zisjordanian duen egoitzan.

«Bizitza bere kausa eta bere herriaren alde sakrifikatu zuen heroia da», adierazi zuen Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko (PAN) presidenteak ekitaldian. Lehen ministro Mohamed Xtayeh ere bertan izan zen eta lore-koroa bat jarri zuten hilkutxaren gainean kazetariari azken agurra emateko.

Hileta-segizioa Istihsari Ospitaletik Mukatako presidentetzaren egoitzara iritsi zen. Gaita doinu artean, ohorezko guardiak eraman zuen zerraldoa Palestinako banderan bilduta eta gainean prentsa-jaka bat zuela.

«Israelgo okupazio-agintariak jotzen ditugu hilketaren erantzuletzat. Krimen hau ez da zigorrik gabe geratu behar», esan zuen Abbasek. Estatu-hiletaren ondoren, Abu Aklehen gorpua Jerusalemgo Saint Joseph ospitalera eraman zuten.

Asteazkenean autopsia egin zioten Nablusen eta Palestinako hainbat hiritan ere omenaldia jaso zuen. Hileta-elizkizuna gaur egingo dute Jerusalemgo eliza katoliko batean, bertan hazi baitzen. Gorpua zaindu ondoren Sion mendiko hilerrian lurperatzekoa zen, bere amarekin batera.

«Palestinar guztien arreba»

Israelgo eta Palestinako Atzerriko Prentsaren Elkarteak asaldura eta atsekabea adierazi zuten. Arabiar Ligak eta Hamas mugimendu islamista palestinarrak ere Israel jotzen dute haren heriotzaren erantzuletzat, Al Jazeera kateak eta tiroketaren lekukoek egin zuten moduan.

Palestina ez ezik, arabiar mundu osoa zeharo hunkitu du hilketak, duela urte askotatik jasotzen baitzen bertan kazetariaren informazioa.

Jeninen, kazetaria bala israeldarrek erailda erori zen tokian, loreak uzten jarraitu zuten atzo palestinar askok. Halaber, berez sortutako manifestazio txikiak izan ziren Palestinako toki askotan haren heriotza salatzeko.

Xireen «palestinar guztien arreba zen», adierazi zuen bere neba Antun Abu Aklehek, ahotsa malkoek itota zuela. «Gertatutakoa ezin da isilarazi. Jainkoari esker herri palestinarrak laguntzen gaitu eta ez da ahaztuko», gaineratu zuen.