Arnaitz GORRITI
ACB LIGA

Saski Baskoniak laugarren amaitzea bere esku dauka

Joventut, Tenerife eta Manresarekin berdinketa ezberdinak gerta litezke.

Saski Baskoniak final-laurdenetan serie-buru izatea bere esku egotea lortu du, nahaste-borraste handian murgilduta bada ere. Eta ez da gutxi. Azken hamar neurketetatik zortzi irabazi ditu talde gasteiztarrak. Gauzak horrela, 20 garaipenekin bosgarren lekuan dago talde gasteiztarra, 20-13 balantzearekin. Hori aski ez eta, laugarren ere amaitu lezake ACB Ligako Fase Erregularra; Joventutek laugarren postu hori esku-eskura izan zuen, baina asteazkenean etxean 78-84 galdu zuen Obradoiroren aurka eta, hala, sailkapen nagusiko borroka asko bizitu da.

Badalonakoek laugarren postuan jarraitzen dute, baina 21-12 balantzearekin. Jakina denez, Saski Baskoniak baldin eta bihar 20.45etan Joventuten aurka 12 puntuko edo gehiagoko aldeaz irabaziko balu –Badalonan 72-61 nagusitu ziren aurreneko itzulian Carles Duranen gizonak–, talde gasteiztarrak puntu aldea bere aldera irauliko luke.

Alabaina, ekuazioan Manresa eta Tenerife ere sartu behar dira. talde hauek ere gasteiztarrekin 20-13 balantzeaz berdindu dute eta laugarren postu horri begira berdinketa hirukoitza eta laukoitza bera ere gertatzea oso posible da.

Esan gabe doa Saski Baskoniak irabazi egin behar duela, laugarren posturako ekuazio horretan sartuko bada. Galtzen badu, Tenerifek eta Manresak zer egingo zain egon beharko du, eta deskuiduan zazpigarren ere amai lezake, Real Madrilen aurka gurutzatuz final-laurdenetan.

Aintzat hartu beharreko aldeak

ACB Ligako araudiari so eginez gero, hiru talde edo gehiagoren arteko berdinketarik balego, puntu aldea ez da aintzat hartzen, eta horren ordez, taldeon arteko «ligaxkako» emaitza hartzen da kontuan; hau da, talde hauen arteko garaipen eta porrot kopurua, eta hor dago koska: Baskoniak partida bana irabazi eta galdu du Manresa eta Teneriferen aurka, eta beste hainbeste gerta dakioke Joventutekin ere. Hau da, 3-3ko balantzea duela.

Bestalde, Manresak Teneriferi 95-93 irabazi zion aurreneko itzulian eta 94-83 galdu bigarrenean; Joventutek 105-61 irabazi zion Pedro Martinezen taldeari lehendabiziko itzulian eta, aldiz, Manresakoek 95-91 menpean hartu zituzten Badalonakoak itzulerakoan. Tenerifek eta Joventutek ere bana berdindu dute beren arteko neurketetan: 72-79 katalanentzat aurreneko itzulian eta itzulerakoa, aldiz, Vidorretaren taldearentzat izan zen: 58-74. Nolabait lortu behar da berdinketa haustea.

Baskoniak puntu diferentzia bere alde du Manresarekiko –15 puntu– eta Teneriferekiko –7–; orotara, +22 puntukoa da bere puntu alde «orokorra» –lauko ligaxka horretan– Joventuten aurkako partidaren faltan. Joventutek, berriz, +31ko averagea du: 40 puntu aurretik Manresarekiko eta 9 atzetik Teneriferekin. Tenerifek «ligaxka» osatu du eta orotara +11rekin amaitu du eta, aldiz, Manresak -64 puntu pilatu ditu.

Bada, besteren emaitzei erreparatu gabe, Saski Baskoniak laugarren amaituko luke 24 puntu edo gehiagoko aldea lortuko balu, kasu horretan –batez ere Baskonia, Joventut eta Manresaren arteko hiruko berdinketa balego–, berdinketa orotan gasteiztarrek aurretik amaituko luketelako.

Esan bezala, Joventutekin bakarrik berdinduz gero, 12 puntu edo gehiagoko aldeaz irabaztea nahikoa luke laugarren postua ziurtatzeko. Tenerife, Joventut eta Baskoniaren arteko berdinketa balego, berriz, zazpi puntuko aldeaz irabaztea nahikoa luke talde arabarrak. Azkenik, aipatu berdinketa laukoitza suertatuko balitz, Saski Baskoniak gutxienez 16 puntu atera beharko lizkioke Joventuti laugarren postu desiratua eskuratzeko.

Ondorioz, puntu bakoitzak berebiziko garrantzia izango du biharko partidan Zurbaon.