GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETA

Egea eta Azkorbebeitia nagusi Azpeitian


Domusa Teknik 40 Miliak Mendi Lasterketaren aurreneko edizioa Aritz Egeak eta Oihana Azkorbebeitiak irabazi zuten atzo, eta ondorioz, Ultra Lasterketen Euskadiko Txapelketa bereganatu zuten. Goitik behera nagusi izan ziren irabazle biak; hezetasuna eta beroa aurre egin beharreko aurkari latzenak izan bazituzten ere, nabarmen nagusitu ziren.

Lasterketa jokatu bezperan, Aritz Egeak 40 Miliak, 65 kilometroko proba, Urola Erdiko lasterketa, sei bat orduan amai zezakeela esan zuen. Bada, Ezkioko korrikalariak esandakoa bete baino ez zuen egin, orotara sei ordu, minutu bat eta 32 segundoan amaitu baitzituen lanak, bigarren lekuan amaitu zuen Pere Aurell katalanak baino 28 minutu gutxiagoan, alegia.

Oihana Azkorbebeitiak, bestalde, beroaren erruz behin baino gehiagotan «geratu beharra» izan zuela onartu zuen lasterketa amaitu berritan. Hala ere, Abadiñokoak ez zuen arazorik izan emakumeen lasterketan nagusi izateko, 7 ordu, 17 minutu eta 22 segundoko denborarekin. Ez bakarrik emakumeen artean bigarren amaitu zuen Leire Baraibarri ia 40 minutu atera zizkiolako, baizik eta orotara lasterketan hamargarren postuan amaitzea erdietsi zuelako.

Aurreneko erreferentzia puntutik bertatik nabarmendu ziren bi irabazleak. Iturburuko erreferentzia puntuan, 19. kilometroan, bost minutuko aldea zeukan Egeak Pere Aurellekiko. Bere aldetik, Aizkorbebeitia Leire Baraibar baino sei minututik gorako aldeaz pasatu zen Iturburuko erreferentzia puntutik, emakumeen lasterketako lehen postuan.

Podiumerako lehia

Hala, Aritz Egeak bere abantaila finkatzen zuen bitartean, Igon Mantzizidor debarrak atzetik aurrerako proba egin zuen Pere Aurell katalanaren bigarren postua harrapatu nahian. Ez zuen lortu, baina hirugarren postua minutu eta gutxira geratu zitzaion gipuzkoarrari.

Emakumeen lasterketari dagokionez, Oihana Azkorbebeitiaren erakustaldiaz gain, bigarren posturako izan zen lehiarik estuena. Azkenean Leire Baraibar zumaiarra nagusitu zen, baina Oihane Perez Gernikarra bigarren lekura ere iritsi zen Xoxotera bidean. Alabaina, gipuzkoarrak hortzak estutu eta alde nabarmenarekin eskuratu du bigarren lekua, Oihane Perezi azkenean 20 minutu atera ostean.