GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIKO KULTURA

Mikel Gurrearen «Heltzear» film laburrak historia egin du Trenton

Zuzendari donostiarraren hamazazpi minutuko euskarazko ekoizpenak mendi zinemaldi ospetsuaren 70. ekitaldiko film laburren saria irabazi du. Lan horretan, Gurreak gatazka politikoa eta gazte batek kirol eskaladan duen proiektu handi bat uztartzen ditu.


Nazioarte mailan Trentoko mendi zinemaldiak ospe handia du. Adituek dioten bezala, zaharrenetarikoa izateaz gain, garrantzitsuenetarikoa ere bada. Bederen, ibilbide luzea egiten ari da; izan ere, amaitu berri den edizioak 70 urte bete ditu. Zazpi hamarraldi, beraz, mendiko kultura bultzatzen eta sustatzen. Eta aurtengo ekitaldian, beste behin, goi mailako filmak aurkeztu dira. Hori aski ez, eta ekimen paralelo erakargarriak antolatu dituzte.

Hori guztia esan eta gero, guretzat 70. ekitaldiak ukitu berezia izan du. Guretzat diogu, Euskal Herriko ekoizpen batek protagonismo handia izan duelako. Ez du sari nagusia irabazi, baina euskal interesentzat azpimarra berezia jarri behar diogun sari bat irabazi du. Mikel Gurrearen “Heltzear” proposamenari buruz ari gara. Zuzendari donostiarrak euskaraz eginiko lan horrek film laburren arloan aitortza jaso du. Hots, sail horretan gailendu da.

Gurreak iaz ekoitzi zuen film labur hau, hamazazpi minutuko iraupena duena. Zuzendariaren seigarren metraje laburreko pelikula honek 2.000. urtean kokatzen du ikuslea, eta gatazka politikoa eta gazte batek kirol eskaladan duen proiektu handi bat uztartzen ditu.

Ez aktoreak, ez eskalatzailea

Donostian, Andoainen eta Diman filmatu zen “Heltzear”, eta, bitxia bada ere, protagonistak, Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago, ez dira aktoreak. Bitxia da Gurreak berak eskaladarekin loturarik ez izatea ere.

Film labur hori Veneziako eta Donostiako zinemaldietan izan ondoren, Gurreak jauzi bat egin eta mendiarekin erabateko lotura duen zinemaldi batean, Trentokoan, aurkeztu du “Heltzear”. Aurkeztu eta saria irabazi.

Lana aitortzeko erabakia epaimahaikide hauek hartu zuten: Michelangelo Frammartino, Illum Jacobi, Marta Balaga, Estefania Troguet eta Christian Quendeler-ek. Horien guztien arabera, Gurrearen lanak badu berezitasunik: «Zuzendariak nerabezaroaren ziurgabetasunak eta istilu politikoa bateratzen ditu. Horretaz gain, eskalatzaile gazte bat ordura arteko proiektu garrantzitsuena lantzen ari den bitartean, galera sakon baten sentsazioa bikain islatzen du. Hain zuzen ere, nahasia zein erakargarria den istorio baten barruan. Amaitzeko, film horretan gazte horrek bere gorputzaren mugak gainditu eta iraganarekin amaitzen du».

Horixe da, beraz, epaimahaiak eman dituen azalpenak “Heltzear” saritzeko. Laburbilduta: sari historikoa, mendi zinemaldi ospetsu batean, euskal ekoizpen batentzat.

«Gaucho americano»

Gurrearen film laburrak protagonismoa izan du, baina benetako arreta Trentoko 70. ekitaldiko sari nagusia irabazi duen lanak jaso du. Nicolas Molina txiletarraren “Gaucho americano” filmak izan du ohore hori. Europan estreinako emanaldia izan du, eta 72 minutuko zinta hori Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldean girotuta dago. Zuzendari txiletarraren lanak, besteak beste, herrikide batzuk lan bila nola emigratzen duten kontatzen du. Hain zuzen ere, Idahoko arrantxo batean ikasten dute zer den atzerritarra izatea.

Epaimahaikideen ustez, berriz, “Gaucho americano”-k «arrantxo horietan lan egiten duten langileen mito baten alde umoristiko eta atsegina jasotzen du; hain zuzen ere, Patagoniako gautxoen ikuspuntutik. Pelikulak argi erakusten du bi kulturen arteko talka. Bi protagonistek ‘amets amerikarra’ kontzeptua nola ulertzen duten eta haien arteko borrokak islatzen dituzte. Bide batez, Molinak argazkilaritza-zuzendari gisa erakutsi duen gaitasuna azpimarratu behar da».

Azkenik, Trentoko ekitaldi honetan mendiko film onenaren saria Jin Huaqing txinatarraren “Dark Red Forest”-ek irabazi du.