GARA Euskal Herriko egunkaria

Korrontea kudeatu


Maiatzak 11, goizeko hamaikak, Parlementiako urautsian surf egin ostean lehorrera bidean naiz. Nekatuta nago, baina indar apur bat gorde dut, bai baitakit Getaria eta Bidarte artean sortzen den zeharkako korrontea arraunean gurutzatu beharko dudala. Lehen aldiz urautsi honetan surf egitera etortzen diren lagunei ematen diedan aholkua da: «Ez nekatu gehiegi, utzi indar apur bat atera ahala izateko».

Mundakan ere gertatzen da apargunea eta kaia bereizten dituen erreka zeharkatzen hasi eta korronteak berriz ere urautsira eramatea. Oso akituta bazaude eta olatuak handiak badira arriskutsua izan daiteke, sor daitekeen edozein egoerari aurre egitea zaila izango baita. Olatu indartsu batek azpian harrapatzen bazaitu agian hurrengoari aurre egiteko indarrik ez zaizu geratuko.

Horrela, hondartzara bidean, parez-pare itsasoratu berri den gizon bati erreparatu diot. Arraun egiteko moduagatik agerikoa da ez duela behar duen maila gaur hemen surf egiteko. Ziztu bizian dator korronteak lagunduta; beraz, ondotik igarotzen denean arriskuaz ohartaraztea bururatu zait. Kontu handiarekin ibili eta apargunetik ez aldentzeko esango diot, nahiz eta egiaz halako norbaiti eman dakiokeen aholku onena beste nonbait itsasoratzea den.

Gerturatzen ari da, ni korrontea zeharkatzen ari naiz arraunean, ongi kostata, eta begietara behatzen diot, ea begirada gurutzatzen dugun aholkua eman ahal izateko. Begiratu dit eta ahoa irekitzen hasi naiz, baina milisegundo horretan bota didan mespretxu begiradarekin isildu egin naiz, zalantzarik gabe Paris edo Bordeleko aberats kume bat dela ohartu bainaiz. Denen gainetik daudela uste duten sandios horietako bat. Besteei sorbalda gainetik begiratzeko modu berezi bat dute eta urrunetik antzematen zaie nondik datozen.

Lehorreratu naiz, eskailerak igo eta dutxa bat hartu dut. Jarraian, eguzkitan aldatu naiz olatuei begira. Indarrak berrartzeko platano bat jaten hasi naizenean orroak entzun ditut urrunean. Gurutzatu dudan gizarajoa laguntza eske ari da. Arotzen Kosta eta Parlementia bereizten dituen ubidean dago eta gaizki pasatzen ari da, baina txikota askatzen ez duen bitartean ez du aparteko arriskurik. Askoz ere okerrago pasako luke urautsiko olaturen batek azpian harrapatuko balu, olatuak handiak eta indartsuak baitira gaurkoan. Ez dira neguko olatuak, baina oraindik badute nerbio apur bat.

Surflari bat gerturatu zaio eta biak arraun egiten hasi dira, gaizki, korrontearen kontra. Grazia egin dit. Betikoa, «borondate onarekin egiten diren gauza guztiak gaizki egiten dira». Platanoa amaitu dut, itzulerako poltsa prestatu dut, surf taula zorroan gorde dut eta bi naufragoei begira geratu naiz. Ez dira lekuz mugitzen. Apustua egin diot nire buruari, «baietz azkenean korronteak kai hondoko kalatxora eraman eta handik atera». Horrela gertatu da.

Hondartzara jaitsi, haien ondotik pasa eta irribarre bat eskaintzeko gogoa eman dit. Ez dut egin, bultzatzen gaituen barne-korrontetik ere ateratzen jakin behar baita. Etxerako bidea hartu dut, instintuak seinalatzen didan kontrako norabidea alegia. Pozik nago, ez baita ohikoa nigan.