GARA
donostia

Atristainena bezalako «zigor guztiak» baliogabeak direla uste du Sarek

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Xabier Atristaini buruzko epaian jasotzen duen bezala, inkomunikazio aldian defentsarik gabe eskuratutako frogetan oinarritutako «zigor guztiak» baliogabekotzat jo behar liratekeela defendatu zuen Sarek atzo egindako agerraldian.

«Izan ere, epai honek ondorio bat eta bakarra behar luke, justizia demokratikoak onar dezaken ondorio bakarra; defentsarako eskubiderik gabe, ezin da zigorrik egon», berretsi zuten Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek.

Gogora ekarri zuten atxilotutako pertsonek, atxilotze une beretik eta epaile aurrera joan artean, abokatuen asistentzia jasotzeko eskubidea dutela, eta «hain zuen ere, eskubide hau da kasu honetan, baita beste hainbestetan ere, errespetatua izan ez dena», esan zuten.

Halaber, gogorarazi zuten «hamarkada luzeetan, bai alor politikotik, eragileetatik, baita alor judizialetik ere, euskal presoek jasan duten eskubide urraketa –zehazki, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 6.1 eta 6.3 artikuluak–, behin eta berriro salatu dela» eta joan den astean «Estrasburgotik jasotako epaiaren berrespenak horri erantzuten diola».

Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia ezagutu ostean Sortuk egin bezala, berretsi zuten, halaber, «asko» direla Atristaini bezala eskubide hau ukatu zaien euskal presoak eta, ondorioz, Auzitegi Nazional espainiarra ari dela berak sortutako «ezohiko egoera horiek zuzentzen». Gorka Palacios eta Juankar Iglesias Chouzarekin hala egin du: absolbitu egin ditu, haien aurkako froga bakarrak inkomunikazio alditik atera zituztelako. «Horrek beharko luke egoera beraren baitan zigortuak izan diren pertsonei ezarri beharko litzaiekeena», baloratu zuten Joseba Azkarragak eta Bego Atxak.

Bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi zuten Sareko ordezkariek.

Erreparazioa

Esandako guztia dela eta, inkomunikazio aldian defentsarik gabe eskuratutako frogetan oinarritutako zigor guztiak baliogabekotzat jo behar liratekeela uste du Sarek eta, horrez gain, Estatu Espainiarrari «atzerapenik gabe» «sortutako eskubide urraketa erreparatzea» dagokiola agertu du.

«Barne-auzitegiek, Auzitegi Nazionalak eta/edo Auzitegi Gorenak irtenbide juridiko egokia eman behar diete kasu horiei guztiei, egoera hau jasan duten pertsonak ez daitezen Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzera behartuta egon», aldarrikatu zuen Sarek.