GARA Euskal Herriko egunkaria
EGITASMOA

«Mendi Festa» itzuliko da, indarrez eta ilusio handiarekin

Xabier Ormazabal oroitzeko Urretxun antolatzen den ekitaldi sorta erakargarria heldu den larunbatean izango da. Eskalatzaileen etaalpinisten elkargune horren amaieran, mendizalearen omenezko bekaren irabazlearen berri emango da. Bost proiektu aurkeztu dira.


Xabier Ormazabalek utzi gintuenetik hemezortzi urte igaro dira. 2004ko urriaren 13an, Cho Oyuko tontorretik jaisten ari zela mendiaren magalean geratu zen betirako. 23 urteko urretxuarraren bigarren zortzimilakoa zen. Grina, ilusioa, motibazioa, indarra... hori guztia eta askoz ere gehiago islatzen zuen mendizale gazteak.

Ormazabalen “sugarra” ez dela itzali argi dago; izan ere, duela bost urte Urretxuko Udalak haren oroitzapena bizirik mantentzeko eta mendian izan zuen ibilbidea eredutzat bultzatzeko beka antolatu zuen lehen aldiz.

Baina bazirudien beka hori “hankamotz” zegoela, eta duela hiru urte Mendi Festa egitasmoa antolatzen hasi zen. Hari esker, Urretxu eskalatzaileen eta alpinisten elkargunea bihurtu zen; Euskal Herrian erabat sustraitu den bakarra.

Eta heldu den larunbatean, Mendi Festak Gernikako Arbola plazan eta Labeaga aretoan egingo diren ekitaldietan dantzan jarriko ditu bertaratuko diren guztiak. Eta horretarako, antolatzaileek egitarau oparoa, erakargarria eta ikusgarria prestatu dute. Pandemiaren erruz, azken bi urteotan ez da egin, baina, antolatzaileek baieztatu diguten bezala, indarberritura itzuli dira: «Pena handia hartu genuen, baina egoera ez zen batere egokia Mendi Festa antolatzeko. Datorren larunbatean, aldiz, protagonista guztiak Urretxun bilduko ditugu: eskalatzaileak, alpinistak, bekaren irabazlea... Eta, jakina, ikusleak. Denon artean egundoko eguna igaroko dugu».

Hasteko eta behin, esan behar dugu Gernikako Arbola enparantza “geltoki” nagusia bihurtuko dela. Goizeko hamaiketatik aurrera, boulder irekia, ume jolasak, tailerrak... Ondoren, eskalada lehiaketa herrikoiak lekukoa hartuko dio. Berez, ez du lehia kutsu berezirik; kontua da parte hartzen duenak bizi ditzala prestatutako korapiloak.

Arratsaldean, berriz, 18.30ean, ikuskizunari azpimarra jarriko zaio. “Eskalada desafioa” deitu diote. Antolatzaileek baieztatu diguten bezala, berezia izango da, alde guztietatik begiratuta: «Aurrekoan bezala, lehiak ez du indarrik izango. Eta horretarako desafio bat prestatu dugu. Bi multzo izango dira nor baino nor. Alde batetik, Euskal Mendizale Federazioak duen eskalada taldeko gazteak. Eta beteranoek beste taldea osatzen dute. Azken hauek aski ezagunak ditugu: Esther Cruz, Patxi Usobiaga, Ane Hernani, Gorka Karapeto... Boulderreko lau proposamenetan estutu beharko dute. Gazteek zein beteranoek bina bloke aurkeztuko dituzte».

Bost proiektu

Oroitzapen festa honek ez du etenik izango; ezta gutxiagorik ere. Gaueko bederatzietatik aurrera, Labeaga aretoa pil-pilean egongo da. Aurreikusten dutenaren arabera, makina bat alpinista, eskalatzaile eta ikusle bilduko dira. Eta Xabier Ormazabalen izenean orain dela bost urte sortutako bekak protagonismo nagusia izango du.

Hain zuzen ere, aurtengo ekitaldiko irabazlearen berri emango dute. Antolatzaileek aurreratu digute, denera, bost proiektu aurkeztu direla. Eta eite bati garrantzi handia eman nahi izan diote: «Aurten lehen aldiz neskek aurkeztutako xedeak jaso ditugu. Esku artean bi izan ditugu, eta onartu behar dugu egundoko ilusioa egin digula. Baita proiektuen kantitateak ere. Kontuan hartu behar da gazteei zuzenduta dagoela; 23 urtetan dago muga. Horietako bi eskaladarekin lotuta daude, beste bi alpinismoarekin eta bat mendiko kulturarekin».

Hiru pelikula ere eskainiko dituzte: “Heltzear”, “Amagana” eta “Aupa Pou”. Azkenik, antolatzaileek Mendi Festaren eta bekaren atzean dauden lagun guztien lana eskertu nahi izan dute: «Urretxuko Udala, laguntzaileak, eskalatzaileak, ikusleak... Den-denek hauspoa ematen digute. Finean, familia handi bat gara».