Manex ALTUNA
ATHLETIC

Sevillatik pasatzen da berriro Europako trena

2019an Iñigo Martinezek luzapenean langara bidalitakoa gogoan dute askok.

Kopako eta Superkopako finalak jokatu dituen arren, Athleticek lau denboraldi daramatza Europako txapelketetan parte hartu gabe. Gaur –2019an bezala, azken jardunaldian, Sanchez Pizjuan zelaian– sailkapena dauka jokoan (22.00, Gol-Movistar LaLiga). Iñigo Martinezek orduan luzapenean langara bidalitako baloia gogoan dute askok.

Ondarroarra 2018ko neguko merkatuan iritsi zen Athleticera. Josu Urrutiaren Zuzendaritza Batzak 30 milioi baino gehiagoko etete klausula ordaindu zion Realari, Aymeric Laportek Manchester Cityrako bidea hartu ostean. Fitxaketak hautsak harrotu zituen.

Ondarroarrak 31 urte bete ditu aste honetan. Kontratua 2023ko ekainean amaitzen zaio eta ikusteko dago zer egin behar duen. Ziur beste taldeen proposamenak ere izango dituela mahai gainean eta abenduan Munduko Txapelketa jokatzeko deialdian sar daiteke. Badirudi nahiago duela itxaron, Athleticen Zuzendaritza Batza berriaren kirol proiektua ezagutu eta zein entrenatzaile egongo den jakin arte.

Bilbora heldu zenetik, ezinbestekoa da Athleticentzat eta aurten bere mailarik onena erakutsi du. Joan den denboraldia akituta amaitu zuen Kopako finaletako porroten ondoren eta uko egin zion Espainiako selekzioarekin Eurokopa jokatzeari.

Irabazi eta Vila-realen zain egon

Duela lau urte gaurko zelai berean jasotako kolpea ez da ahazten den horietakoa. Athleticek puntu bat lortzea nahikoa zuen azken jardunaldian. Sevillak ez zeukan ezer jokoan eta Joaquin Caparros zen entrenatzailea. Hala ere, zuri-gorriek ez zuten maila eman eta luzapenean berdinketa lortzeko zorian egon ziren, baina Iñigoren errematea langara joan zen.

Oraingoan zaila dauka Athleticek Europarako sailkatzea. Partidaren garrantziaz oharturik jokalari guztiek bidaiatuko dute. Raul Garcia eta Nico Serrano deialdian daude, baita Sancet eta Nico Williams lesionatuak ere. Julen Agirrezabala atezaina Bilbao Athleticekin Racingen kontrako partida jokatu ondoren joango da Sevillara. Emaitza on bat lortzearekin batera, Vila-realek Camp Noun ez irabaztea behar du taldeak. Itxaropena behintzat, ez dute inoiz galtzen.