Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ataka zail batetik egoki egin du ihes Iñaki Artolak Zumaian

ARTOLA 22

BAKAIKOA 11


Azken markagailuari begiratuta bestelakorik eman dezakeen arren, ataka zail bati oso egoki egin zion ihes Iñaki Artolak Zumaian eta, Joanes Bakaikoari 22-11 irabazita, Sanferminetako Lau eta Erdikoaren hurrengo kanporaketan ariko da aurrelari alegiarra, datorren larunbatean, Zubirin, Asier Agirreren aurka.

Inork nahi izaten ez duen aurkari bat, bero sargoria, modalitate berri batera egokitu beharra, nahi baino huts gehiago pilatuta... egoerak ez zirudien xamurra alegiarrarentzat, hasiera gogor baten ostean, gipuzkoarrak galdutako seigarren pilotaren ostean Joanes Bakaikoa 7-10 aurreratu zitzaionean. Erasokor eta fresko aritu zen sakandarra partida hasiera horretan eta, normalean erregalu gutxi egiten dituen pilotari horietako izanda, gauzak oso maldan gora jarri zitzaizkion faborito gisa irten zen pilotariari.

Alegiarrak, ordea, sekulako erreakzioa izan zuen, atal guztietan aurkariari erabat nagusituz 12-0eko partzial batekin partida erabat irauli eta bere aldera ekarriz.

Gauza on asko

Eta horretarako gauza asko egin zituen ondo Iñaki Artolak. Hasteko, defentsan bikain aritu zen, hanka oso arinak erakutsiz, baina erasoan aritu behar izan zuenean ere dotore moldatu zen. Jakaren aurkako Buruz Burukoan airez tanto bakarra ere apuntatu ez bagenion, atzo 7 ere lortu zituen. Horretarako, sakea izan zuen ardatzetako bat, oso ondo bildu baitzuen pilota paretara, zuzenean bost tanto egiteaz gain, sake-errematerako aukera ugari sortuz, Etxarri Aranatzekoa bezalako sake-eramaile on baten aurka. Fisikoki ere, aurkariak baino askoz hobeto amaitu zuen partida eta horren guztiaren baturatik uler daiteke partidaren bigarren erdian demak hartu zuen kolore arras gorria.