GARA
CANBERRA

Australiako hauteskundeen irabazleak klima politika berri bat iragarri du

Australiako lider laboristak, Anthony Albanesek, lehen ministro kargua hartuko du gaur, hainbat politika aldatzeko promesarekin, bereziki larrialdi klimatikoaren ingurukoak.

«Politiketan aldaketa batzuk eginen ditut, zehazki klima aldaketari eta kontu horietan nazioartean dugun konpromisoari dagokienez», adierazi zuen atzo Anthony Albanese Australiako lehen ministro berriak, Sydneyn. Larunbatean hauteskundeak irabazi ondotik, oraindik ez dago garbi bere alderdiak, laboristak, gehiengo osoa lortuko duen ala gobernatzeko aliantzak osatu beharko dituen.

Laboristek 2030erako %43 murriztu nahi dituzte isuri kutsakorrak (2005etik). Konpromiso hori orain arteko koalizio nazionalaren gobernuaren %26-28a baino anbiziotsuagoa da. Orain desegitera doan gobernua herrialdearen barrenean zein kanpoan kritikatu dute klimaren krisiaren aitzinean neurri sendoagoak ez hartzeagatik.

Tokioko gailurra

Bihar Tokion eginen den gailurrean parte hartuko du Albanesek, QUAD izeneko aliantzan. Australiarekin batera, AEB, India eta Japoniak osatzen dute berau. Horretarako, gaur bertan eginen du karguaren zina, Penny Wong kanpo politiken arduradunarekin eta talde ekonomikoarekin batera, Canberran. Asteazkenean, Australiara itzuliko da Albanese, gobernatzen hasteko.

Oraingoz, 74 eserleku ematen dizkie laboristei Hauteskunde Batzordeak. Gehiengo osoa izateko behar diren 76etatik hagitz hurbil dago, hortaz. Scott Morrisonen Koalizio Liberal Nazionalak 52 eserleku lortu zituen, eta hauteskunde gauean bertan onartu zuen bere porrot handia.

Behin-behineko zenbaketa ofizialaren arabera, Zentroko Aliantzak eta Katterren alderdi ultraeskuindarrak eserleku bana lortuko lituzkete. 151 eserlekuko ganberan, hamar diputatu independente ere egonen lirateke. Hauek klima aldaketaren aurkako neurriak babesten dituzte. Alderdi Berdeak eserleku bat eta hiru eserlekuren artean izan ditzakeela aurreikusten dute.

Hauteskunde kanpaina auzi ekonomikoen eta bizitzako kostuen igoeraren inguruan egin da bereziki, hamarkadetako inflaziorik handiena izan baita (%5,1ekoa). Kanpo politika, genero parekidetasuna eta aipatutako klima aldaketa ere afera garrantzitsuak izan dira. Azken honek gero eta kezka handiagoa sortzen du hiru urteotan izan diren sute, lehorte, uholde eta koralen zuritzearen ondorioz.