Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
BODYBOARD

Euskal Bodyboard Itzulia: Odriozola, Perez eta Garcia garaile Bakion

Pasa den asteburuan egin zen Bakion Euskal Bodyboard Itzuliko lehen txapelketa. Ethan Perez eta LuciaGarcia gailendu ziren gazteen kategorian, eta Alex Odriozola izan zen txapelduna open kategorian.

Euskal Herriko bodyboard zirkuitua Bakion hasi da aurten. Pasa den larunbatean 18 urtetik beherako bodyboardzale gazteak lehiatu ziren eta igandean, ostera, open kategoriako txapelketa egin zuten. Olatuek ez zuten asko lagundu, nahiko olatu txikiak izan ziren, baina lehiakideek maila altua erakutsi zuten eta, ohikoa ez den arren, parte-hartzea oso zabala izan zen.

Ethan Perez eta Lucia Garcia izan ziren gazteen kategoriako bi irabazleak. Open kategorian, ostera, irabazlea Alex Odriozola zumaiarra izan zen. Gazteen mailan soilik hiru txanda izan ziren mutilen kategorian, eta bakarra neskenean. Ordea, open kategorian nabarmentzekoa da parte-hartze handia izan zela, guztira 41 lehiakide izan baitziren. Gainera, neskak eta mutilak elkarrekin aritu ziren lehian, txapelketa mistoa izan baitzen.

Larunbatean gazteak

Olatuek metro bateko altuera zuten larunbatean eta ez ziren oso indartsuak, baina lehiakide gazteak moldatu ziren olatuaren indarra baliatu eta ariketak egiteko. Horrela, Lucia Garcia eta Itziar Quiong buruz buru lehiatu ziren nesken finalean eta azkenean, Garcia izan zen gailendu zena.

Mutilen 18 urtez azpiko kategorian hamar lehiakidek eman zuten izena eta hiru txandatan banatu ziren lehen errondan. Horren ostean, zuzenean finalerdiak egin ziren eta azkenik finala. Garaipena Ethan Perez gaztearentzat izan zen eta bigarren postuan Unax Pascual geratu zen. Hirugarren postuan Unai Duño geratu zen, eta laugarren postua Markel Cendoyarentzat izan zen.

Giro bikaina izan zen lehiakide gazteen artean. Bai Ethan eta bai Lucia sorbalda gainean eraman zituzten lagunek uretatik irten ostean. Lehiakide gazteek, gainera, open kategorian ere izena eman zuten eta haietako batzuek emaitza onak lortu zituzten, Ethanek kasu.

Igandean denak batera

Open kategoriako lehiaketa igandean egin zuten osorik, metro eskas bateko olatuekin, eta txapelketa mistoa izan zen. Guztira hiru neska eta 38 mutil izan ziren lehian. Lehen errondan lau eta hiru lehiakidez osatutako zortzi txanda egin zituzten eta pasatzea lortu zutenek, iaz lortutako emaitzei esker zuzenean bigarren txandan egoteko plaza bat zuten lehiakideen kontra lehiatu behar izan zuten. Horrela, bigarren errondan launa pertsonaz osatutako beste zortzi txanda egin ziren.

Ez da ohikoa bodyboard modalitatean hainbeste lehiakide izatea, baina azken urteetan lan handia ari dira egiten bodyboardzaleak eta zalantzarik gabe Bakion izandako parte-hartzea horren ondorio zuzena da.

Azkenean, Alex Odriozola zumaiarrak ozta-ozta irabazi zituen txapela eta 380 euroak. Izan ere, Ayoub Adardour ari zen irabazten, baina azken unean egin zuen interferentzia baten ondorioz lehen postua galdu zuen. Hala, Adardour laugarren postuan geratu zen (120 euro), Ivan Castellok eskuratu zuen hirugarren postua (180 euro) eta bigarren postua (270 euro) Ethan Perez lehiakide gaztearentzat izan zen.

Aurten proba bat gehiago

Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen duen bodyboard zirkuitua lau probak osatzen dute aurten; beraz, iaz baino proba bat gehiago izango da. Aurten ere Mundakan amaituko da eta soilik rankingeko lehen zazpi lehiakideek parte hartu ahal izango dute Final Handian. Horrez gain, hemezortzi urtetik beherako zirkuituko irabazleei ere gonbidapen wildcard bat emango zaie Mundakan lehiatzeko.

Bakioko txapelketa amaituta, Zumaiako Itzurun hondartzan izango da Euskal Bodyboard Itzuliko hurrengo lehiaketa, baina hori azaro hasieran izango da. Hilabete berean Ereagan ere izango dira, eta azkenik, Mundakan amaituko dute abenduan.

Proba guztiek puntuatuko dute rankingerako, baina azken probak balio bikoitza izango du.