GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Orduko errekorra hautsi du Van Dijkek: 49,254 km


Duela urte batzuk orduko errekorra modan jarri zen balentria zen. Euskal Herrian jarraitu beharreko ekimena zen, gehienbat Miguel Indurainek eta Abraham Olanok saiakerak egin eta errekorrak lortu baitzituzten. Bada, astelehen honetatik aurrera, Ellen Van Dijkek marka berri bat ezarri du emakumezkoetan, Grencheneko belodromoan (Suitza) egindako saiakeran. Marka berria hauxe da: 49.254 km.

Txirrindulari herbeheretarrak 2021eko irailaren 30etik Joscelin Lowdenek zuen marka (48.405 km) hobetu zuen. «Jende askok ez du Lowden ezagutuko, baina bere errekorra ez da hausten erraza. Asko errespetatzen dut. beti esan izan dut egunen batean egin nahi nuela, Trek-Segafredo taldearekin sinatu nuen egunean ere bai», esan zuen Van Dijkek atarikoan marka berria ezarri aurretik.

Van Dijken balentriak euskal kutsua ere izan duela esan daiteke. Izan ere, bere ondoan, aholkuak ematen, Josu Larrazabal bizkaitar prestatzaile fisiko eta kirol zuzendaria aritu baitzen. «Erlojupekoaz oso bestelakoa da. Ordu batean marra lodi beltz bat besterik ez duzu ikusten. Benetan desafio handia da. Asko eztabaidatu genuen taldeko psikologo Elizabetta Borgiarekin», azaldu zuen egun batzuk lehenago duela 35 urte Harmelen herrian jaiotako Van Dijkek.

Erlojupekoan Europako txapeldun eta bi aldiz munduko txapeldun izandakoak pistako txirrindularitza egin zuen hasieran. 2008an scratcheko mundu txapelketa irabazi zuen eta iragan irailean, Brujasen (Belgika), bere lehen titulua lortu eta zortzi urtera, ostadar maillota eskuratu zuen erlojupekoan. 30,3 kilometroko ibilbidea batez beste 50,3 kilometro orduko abiaduran egin zuen.

Datorren abuztuaren 23 edo 24an, Filippo Gannak (Ineos) marka berria ezarri nahi du gizonezkoetan, atzo Ellen Van Dijkek marka lortutako belodromo berean. Italiarrak Victor Campenaertsek (Lotto Soudal) duen marka hautsi nahi du: 55.089 kilometro.