GARA
baiona

31 urte eta erdi ondoren aske da Xistor Haranburu

Kalean zegoen jada 2020. urte bukaeratik, baina orain esan daiteke benetan libre dela Frederic «Xistor» Haranburu. Eskumuturreko telematikoa kendu diote eta baldintzapeko askatasuna lortu du. Atzean, hiru hamarkada baino gehiago preso, Etxeratek gogorarazi duenez, biziarteko zigorra ezarrita.

Epaitegiak baldintza zorrotzak ezarri zizkion kartzelatik behingoz atera ahal izateko, 2020ko azaroan. Haien artean, eskumuturreko elektronikoa eraman eta zortzi urteko segurtasun epea bete behar zuen.

1997. urtean Parisen egin zioten auzian biziarteko kartzela zigorra jaso zuen. 1990eko apirilaren 2an lehergailuz beteriko autoa zeramala atzeman zuten Unai Parot Sevillan (Andaluzia). Handik egun batzuetara, apirilaren 4 eta 5 artean, hamasei bat herritar atzeman zituzten Ipar Euskal Herrian. Horien artean ETAren ‘Argala’ taldeko hiru kide atxilotu zituen Frantziako poliziak: ‘Xistor’ Haranburu, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot.

Gainerako hiruek espetxean segitzen dute oraindik ere eta haiek askatzeko aldarria ez da eten, ostiralean Baionako Auzitegian argi gelditu zenez.

Epaiari erreparaturik, Haranburuk 2008az geroztik baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskubidea zuen.

Alta, hamabi urtean frantziar epaileek behin eta berriro ukatu zioten, kontrol judizialpean bazen ere, etxera bueltatzeko aukera. 2020ko azaroan baimendu zuten azkenean eta orain aske da.