Estigmak
Armairutik kanpo egoteagatik, garaje plaza bat alokatu behar izan nuen. Zenbait astetan paper bat utzi zidaten autoaren leihatilan. «Las relaciones entre mujeres no son diversidad, son una aberración» zioten diseinu eskaseko hainbat ohar txikiak ziren. Ez nion garrantzi handiegirik eman, kasualitatez-edo gurpilak laban handi batekin zulatu zizkidaten arte.
Autoa «armairu» barruan sartzea erabaki nuen, ni neu barrura itzultzeko beranduegi baita. Ezkutuan nahi ninduketen horiek behartu ninduten autoa gordetzera.
Antzeko hamaika gertakizun ditugu gordeta, askorentzat estigmak, mehatxuak eta irainak bukatu diren arren. Hain justu, LGTBIfobiaren aurkako eguna ospatu behar genuen astean, espainiar Estatuan onartu berri den abortuaren lege berriak estigma zaharrak zabaltzeko balio izan du. Emakumeon eskubideen konkista bakoitzaren aurrean, euren pribilegioak mehatxatuta sentitzen dituztenak oldartzen dira. Oldarkeria hori harrotasun bilakatzen dugu bazterretan gaudenok. Hiruki Larroxa kolektiboak plazaratutako “Noiz bukatzen da armairua” ikerketa lanean memoria ariketa bikaina osatu dute identitate ezberdineko hainbat ahotsek.
Estigmen gainetik, bazterrean gaudenok gure genealogia propioak ditugu eta osatzen ari garen historiari ezin izanen diote muzin egin, denontzako eskubideak lortzera deitutako konkista delako gurea.