GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Tornadoak


Argazkietan edo bideoetan ikusten ditugunean, fenomeno ikusgarria da tornadoa. Baina zer da tornado bat? Haize oso indartsuz osatutako inbutu bat da, ekaitz hodei erraldoi batetik zintzilik lurrarekin kontaktuan sartzen dena. Ekaitz hodeietan goranzko eta beheranzko aire korronte bortitzak sortzen dira eta horiek dira tornadoen eragile. Tornado bat agertzeko, hodeiaren beheko aldean aire masa hotz batek egon behar du eta lurrazalean aldiz, aire beroa duen masa bat. Aire beroak gorantz egingo du zakarki eta aire hotzak behera. Bi aire masa horien arteko talkak espiral formako aire inbutu bat sortuko du, zeina lurrarekin kontaktuan sartzen den.

Tornado batzuek lurreko zikinkeria izaten dute inguruan, hodei itxura hartuta. Beste tornado batzuek benetako hodeiak izaten dituzte, beren inguruan dagoen hezetasuna kondentsatzen delako. Eta itsasoan sortzen direnek xurgatutako ura izaten dute inguruan.

Tornadoek 75-180 km/h-ko haize boladak eta 40-50 metroko erradioa izaten dute normalean eta minutu gutxi irauten dute. Baina zakarrenek 450 km/h-ko haize boladak utz ditzakete, bi kilometroko erradioa izan eta ordubete iraun. Ameriketako Estatu Batuetan izaten dira ugarienak. Euskal Herrian gutxitan izaten dira eta gehienbat itsasoan izaten dira.

Fenomeno suntsitzaileenetarikoa da, urakanekin batera. Egunen batean bat gertu ikusiz gero, urrutira izan dadila.