EDITORIALA
EDITORIALA

Aldaketaren alde bozkatu du Kolonbiak

Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeetan Gustavo Petro Itun Historikoa koalizioko hautagaiak irabazi zuen, botoen %40,32 eskuratuta. Gehiengo absolutua lortu ez duenez, hiru aste barru Rodolfo Hernandez izango du aurkari bigarren itzulian. Hernandez eskuin muturreko populista da, Ustelkeriaren aurkako Gobernarien Liga koalizioko burua, eta igandean botoen %28,2 lortu zuen. Hernandezek Federico Gutierrez eskuin ofizialeko hautagaia gainditu zuen; azken horrek botoen %23,8 bakarrik lortu zuen. Laugarren Sergio Fajardo Centro Esperanza koalizioko kidea geratu zen. Fajardok botoen %4,2 eskuratu zuen.

Igandeko bozketak ondorio batzuk utzi ditu. Lehenik eta behin, Petrok adierazi zuen bezala, Ivan Duque presidentearen eta uribismoaren proiektu politikoak kolpe gogorra jaso du, ez baitu lortu Federico Gutierrez bere hautagaia bigarren itzulian sartzea, inkestetan faborito gisa agertzen zen arren. Zentzu horretan, emaitzek erakusten dute Kolonbiako herritarrek aldatzeko borondate sendoa dutela. Bozkatzeko garaian alderdi tradizionalak alde batera utzi zituzten eta gaur egungo sistema politikoarekin lotura ez duten koalizioen alde eman zuten bozka: ezkerreko koalizio berriaren eta ustelkeriaren aurkako borrokan bere burua adalid gisa aurkeztu zuen populista baten alde. Deigarria da eskuinak Rodolfo Hernandez bezalako hautagai «antisistemak» aurkezteko duen trebetasuna, aldaketa irrika sumatzen denean, ezkerraren igoera geldiarazteko. Izan ere, eskuin muturreko populista horiek guztiek, politikoki zuzenak ez diren diskurtsoen ondoren, statu quo-a sendotu besterik ez dute egiten.

Itun Historikoak zortzi milioi eta erdi boto baino gehiago bildu ondoren, atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak iragarri zuen Gustavo Petroren aurkako salaketa onartu zuela 1981eko bahiketa batengatik. Bigarren itzulia botoen batuketa aritmetikoagatik dirudien baino irekiagoa da. Kolonbiako gizartearen aldaketa gogoa sakona da, herritarrek justizia, demokrazia eta bakean bizi nahi dute.