Dabid LAZKANOITURBURU

Txinak ez ditu Pazifikoko irlak bere altzora eraman

Bost urterako akordio sakona nahi zuen Txinak segurtasun eta ekonomia arloetan Pazifikoko irlekin. Trukean, dirutza eskaintzen zien maileguetan. Baina, AEBen eta Australiaren presioen ondoren, ez dute amore eman eta nolabaiteko orekan jarraituko omen dute.

Fidji irletako Suva hiriburuak gailur birtuala hartu zuen. Bertara iritsia zen, Pazifikoko irletan egiten ari den hamar eguneko bidaian, Wang Yi, Txinako Kanpo Arazoetarako ministroa. Frank Bainimarama Fidji irletako lehen ministroa alboan izan du eta gainerakoek Internet bidez parte hartu dute goi bileran.

Pekinen helburua Txinaren eta irlen arteko elkarlana bultzatzea zen, bost urterako akordio zabal baten bidez. Helburu handiak zituen: irletako poliziak trebatzea, ziber-segurtasunean laguntzea, itsas hondoetako kartografiak egiteko baimena lortzea eta haien baliabideak, lurrean eta itsasoan, eskuratu ahal izatea. Trukean milioika dolarreko «finantza laguntzak» eta «merkataritza askeko» akordioa eskaintzen zizkien, Txinako merkatu handira iristeko aukera ahaztu gabe. Horrela, Txinak «garapenean dagoen herrialde handi» bezala aurkezten zuen bere burua, nazio txiki eta ertainetatik gertu.

Gailurraren atarian, Xi Jinping Txinako presidenteak mezu bat helarazi zien, bere herrialdea «senide adeitsua» izango zela ziurtatuz eta «amankomuneko zoria» zutela gaineratuz. AEBen eta Txinaren arteko lehia nagusian, akordio horiekin irlak Pekinen altzora ez ote ziren eroriko beldur zen Mendebaldea.

«Betiko moduan, adostasuna lehenetsi dugu», azaldu zuen Fidji irletako lehen ministroak. Txinako diplomazia buruak porrota onartu, baina «etorkizunean elkarlanerako adostasun handiagoa lortzeko lanean» jarraituko dutela aurreratu zuen.

Hori bai, hamar irlek Txina bultzatzen ari den Zetako Bide berrian parte hartzeko konpromisoa berretsi dutela azpimarratu zuen Wang-ek. Txinaz eta Fidjiz gain, bertan izan ziren, bideokonferentzia bidez, Salomon irlak, Kiribati, Tonga, Vanuatu, Samoa, Papua-Ginea Berria, Kook irlak, Niue eta Mikronesiako Estatu Federatuak.

Gainerako agintariei bidalitako eskutitzean, Mikronesiako agintari David Panuelok gogor kritikatu zuen Txinak «gure gobernuak kontrolatzeko» eta «gure ekonomiaren arlo garrantzitsuenak bereganatzeko» asmoa.

AEBek Txinarekin akordio «ilunak» eta «lausoak» ez sinatzeko deia egin zieten herri hauei. Era berean, Australia Txinari zuzendu zitzaion, Pazifikoan haren segurtasun planak ez zabaltzeko exijituz. Zentzu horretan, irletan base militarrak zabaltzeko asmoa leporatu zion.

Fidji irletako lehen ministroak «puntu geopolitikoak lortzeko lehiaketa» salatu zuen. «Bost axola itsasoaren gorakadaren beldur dagoenari, pandemiaren eraginez lanpostua galdu duenari eta behar-beharrezko produktuen prezioen igoerak jota dagoen familiari».