Sara GOMEZ ARMAS (Efe)
jenin

«Nor hilko dute bihar?», Jeningo palestinarren eguneroko kezka

Israelgo Armadak hurrengo sarekadan nor hilko duen kezkatuta bizi dira Jeningo errefuxiatu eremuko biztanleak. Erresistentzia mugimendu palestinar zabala dago Jeninen eta, Israelek dioenaren arabera, inguru horretako «terrorismo-gune handiena» da.

«Nor hilko dute bihar?»; horixe da Jeningo errefuxiatu-eremuko biztanleek lotaratzean izan ohi duten buruhauste nagusia. «Ez nik ez inork ez diogu beldurrik hemen bizitzeari, ezta gerta dakigukeenari ere. Baina Israelgo Armada sartzen den bakoitzean, hiltzen hurrena nor izango den pentsatzea saihetsezina da», azaldu dio Salim Awadek Efe agentziari.

Azken bi hilabeteotan, Jeningo eremuan eta inguruko herrixketan etengabe sarekadak egiten ari da Israelgo Armada, palestinarrek martxoaren amaieratik Israelen egindako sei erasoei erantzuteko (18 biktima utzi zituzten).

«Kontraterrorismo-operatibo» horietan 40 bat palestinar hil ditu ordutik Zisjordania osoan, erdiak Jenin inguruan. Alta, denak ez ziren miliziano armatuak; zibilak ere hil dira, hala nola Xireen Abu Akleh, Al Jazeerako kazetaria.

Palestinako batasun nazionalaren sinbolo bihurtua, haren heriotzak mundua hunkitu eta fokua Yeninen jarri du, baina bertako biztanleek ez dute uste gauzak aldatuko direnik.

«Hau okupazio bat da, eta okupazio baten pean ezin duzu planik egin, ezta aldaketarik espero ere», adierazi du Awadek. Zerbitzari gisa lan egiteari utzi behar izan zion, beldur baitzen eremua inguratzen duten eta azken hilabeteetan ugaritu diren Israelgo postu militarretako batean atxilotuko ote zuten.

Armadaren arabera, Jeninen kontzentratzen dira «mehatxu terroristen %50», eta horkoak dira Zisjordanian azken bi hilabeteetan atxilotutako ia 500 palestinarretatik gehienak.

«Terroristak garela diote, baina ez da egia. Gure lurraldean bizitzeko dugun eskubidearen alde baino ez dugu borroka egiten», esan du Awadek. Errefuxiatu estatusa du 1953an sortu zen eremu horretan jaio zenetik; urte horretan kokatu zen bere familia bertan, Haifa hiritik gertu dagoen herri palestinar txiki batetik deportatua izan ostean, 1948an Israelgo Estatu berriaren mugen barruan geratu baitzen herria.

Jeningo eremuak, non 22.000 palestinar inguru bizi diren, Zisjordania osoko langabezia- eta pobrezia-tasarik altuenak ditu, Unrwaren arabera (errefuxiatu palestinarrentzako NBEren Agentzia). Eta larriagotu egin dira Israelek lan-baimen asko ezeztatu eta segurtasun-kontrol handiek zonara nekazaritzako elikagai merkeagoak erostera joaten ziren arabiar-israeldarren fluxua geldiarazi zutenetik.

Egoera ez da berria, ordea. Pobrezia eta segurtasunik eza betidanikoak dira Jeninen, zeina Palestinako borroka armatuaren gotorleku den Britainiar Agintearen garaitik (1922-1948) eta Bigarren Intifadaren bataila odoltsuenaren eszenatokia den.

Erresistentzia armatua

Ordutik, Hamaseko mugimendu islamistetako eta, batez ere, Jihad Islamikoko brigada armatuek presentzia nabarmena dute Jeningo eremuan.

«Kalean borrokatzen dira pistola arruntekin; zerikusirik ez Israelgo Armadaren armamentuarekin. Heroiak dira, herri palestinarraren alde borrokatzen dira, gure askatasunaren alde», azaldu dio Eferi Bassam al Sadi-k, Jihad Islamikoko Zisjordania iparraldeko liderrak eta 80ko hamarkadan mugimendua sortu zutenetakoak.

Sadik (61 urte) dioenez, erresistentzia palestinarra prest dago beste intifada bat egiteko, Israelgo Armadak Zisjordaniaren gaineko presioa areagotuko balu, baina «okupazioak sarekaden dinamika horri eutsiko dio, badakitelako Jeninen erasoaldi militar batek Gaza edo Libanorekin ere gerra irekia ekarriko lukeela».

«Jenin giltza da eskualdean gerra edo bakea izateko. Jenin eta bere martiriak Palestina askearen aldeko borrokaren ikurra dira, eta belaunaldi berrientzako eredu», dio Jihad Islamikoko liderrak, harro horietako asko mugimenduko kideak direlako, baita azken hilotan eremuan atxilotu dituztenen %70 ere.

Yayha Sadi 26 urteko semearen esanetan, israeldarrek Jeninen erasoak gogortu dituzten arren, «bizitzak normal jarraitzen du, errefuxiatu-eremu batean izan daitekeen bezain normal, noski», baina Awadek zioen bezala, gazteek kezka berri bat dute: nor hilko den hurrena.