EDITORIALA
EDITORIALA

Espainiar mendekua, mendeku infinitua

Eskandalua eskandaluaren ondoren, eta mendekua, mendeku infinitua. Atzo, Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz, Ertzaintzak Donostiako Parte Zaharrean atxilotu eta berehala preso eraman zuen Xabier Atristain euskal herritarra. Ezarri zioten 17 urteko zigorretik hamaika urte eta erdi eginda zituenean otsailean atera zuten Martuteneko espetxetik, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak bere alde emandako epai baten ondoren. Irmoa den epaiak, atxiloaldian, inkomunikazioak frogak baliogabetzen dituela argudiatuta, beste euskal preso askoren zigorrak errebisatzeko aukera zabaltzen zuen. Esperantzari leihoa zabaltzen zion, euskal presoak etxeratzeko aukerak errazten zituen. Izan ere, teorian, Europako epaiak betearazi behar dituzte estatuek.

Espainiaren kasuan, ordea, ez da halakorik gertatu. Zuzenean desafiatu baitu Europako Giza Eskubideen Auzitegia, eta, inkomunikazioan, tortura latzen eskutik atera dituen inkulpazioak ez direla zalantzan jarriko aurreratu du. Amorrazioz jokatu du, lotsagabe, kanpotik inoren umiliazio juridikorik ez duela onartuko adieraziz. Praktika eta usadio juridikoen kontra, estatu arrazoia da nagusi, kolpismo togaduna. Zabarra, mendekatia, argudio juridikoen faltan, Europan pilatzen dituen porrotak kiroltasunez eta arrazoiz onartu ordez, zubi guztiak erre nahiago dituena. Auzitegi Gorenaren jokabidean mezua ere badator: «Gal ezazue esperantza oro; presoak kalera ateratzeko giltza guztiak itsasora bota ditugu, eta etsaiaren kontrako praktika juridikoa, doktrina antiterrorista sakrosantuaren izenean, azken muturreraino eramango dugu».

Presoen gaia konpondu beharrean, zornatuta, betiko, Damoklesen ezpata bezala hainbat euskal herritarren buru gainean zintzilik egotea nahi dute. Presoak kaleratzeko zirrikitu oro itxi eta kaleratutako asko berriz espetxeratzeko aukerak zabaldu nahi dituzte. Atristain Martutenen preso sartzeko ez zegoen arrazoirik, hirugarren graduan egoteko dena zuelako alde. Mendekua da, mendekuaren ondoren. Ez daukate beste eskaintzarik.