GARA Euskal Herriko egunkaria

Ali Jameneik dio kanpoko «etsaiek» xaxatzen dutela Irango herritarren protesta

Lehen gasolinaren prezioaren kontra izan zen, gero ogia eta oinarrizko elikagaiak garestitzearen kontra, eta orain ere berdin dabiltza Iranen: protesta betean. Ez da giro: protestak nonahi. Agintarientzat, baina, betiko kontua da: kanpokoek xaxatutako konspirazioa.


Ali Jamenei ayatollah eta Irango agintari gorenak, atzo, bere aurrekoa izandako ayatollah Khomeiniren heriotzaren urteurrena dela-eta antolatutako eta herrialdeko telebista kateek zuzenean eskainitako ekitaldian parte hartu zuen. Jakitun zen ez dela giro kaleetan, energia eta elikagaiak garestitzeak aspaldi aztoratu zituela gogoak eta hainbat hiritan azken asteetan ugaltzen ari direla manifestazioak. Jamineiren aburuz, ordea, «Irango sistema islamikoaren oinarriak» mehatxatzen dituzten protestak kanpoko betiko «etsaiek» xaxaturikoak dira.

Ali Jameneik aspalditik dio herrialdeari ezarri dizkioten zigor ekonomikoak direla bizitza garestitzearen arrazoia. «Gaur, etsaiak herritarren protestak baliatzen ari dira gure sistema islamikoa erasotzeko» adierazi zuen, eta «bitarteko psikologikoen eta interneten, diruaren eta mertzenarioen bidez jendea Errepublika Islamiarraren aurrean altxatzea dute helburu». Hala eta guztiz ere, oker daudela aipatu zuen: «Estatubatuarrek eta mendebaldarrak iraganean ere kalkulu okerrak egin zituzten. Eta gaur egun ere akats berbera egiten segitzen dute: oker dabiltza pentsatzen badute nazio irandarra Errepublika Islamiarraren aurka oldartuko dela».

Duela hiru urte gasolina izan zen. 2021ean lehorteak eragin zuen ur falta. Gero, ogiaren, arrozaren, olioaren eta oinarrizko beste jaki batzuen prezio igoerak jendea atera zuen berriro ere kalera Irango agintarien kontra. Oraingoan, duela bi aste Abadan hirian behera etorri zen eraikin baten ondorioz hil ziren 37 pertsonen doluak eragin du. Herrialdearen historian gisa honetako tragedia latzena izan dena sistemaren oinarrizko akatsei, segurtasun faltari eta arauak ez betetzeari egotzi diote kaleetan. Agintarien zabarkeriari eta ustelkeriari egozten diete errua herritarrek. Dozenaka lagun atxilotu dituzte protestetan; tartean, Abadaneko alkatea bera.

Sare sozialetan, bestalde, egiazta ezin daitezkeen bideoak zabaltzen ari dira, eta nazioarteko berri agentzia nagusiak oihartzun handia ematen ari zaizkie «Jamenei hil!» eta antzeko oihuei, ustez Irango hainbat lekutan egin diren elkarretaratzeetan egindakoei, edo tokian tokiko meskiten aurkakoei.

Hala eta guztiz ere, nahiz eta kanpoko zigor, presio eta gerrekin bizitzen ohitu den, oker egingo luke Iranek, oso oker, erru osoa kanpotarrei egotzita, bere inkonpententzia eta egiturazko akatsak ez aitortzearren.