GARA
Los angeles

AEBen betoen aurrean matxinatuek arrakalatu dute Ameriken Gailurra

Gaur zabalduko da Los Angelesen Ameriken Gailurra, parte-hartzaileen presentzien inguruko matxinadak eta parte hartzen ez dutenen itzal luzeak baldintzaturikoa. Kuba, Venezuela eta Nikaraguak ez dute parte hartuko; Mexiko, Honduras eta Karibeko herrialdeek azken unera arte ikuskizun utzi dute, eta, AEBek, beti lez, demokraziaren agiriak banatzen segitzen dute, konplot, blokeo, estatu kolpe eta interbentzio militarrez josi duten Latinoamerikan.

Los Angeles hirian elkartzekoak dira, gaurtik ostegunera arte, Ameriken Gailurrean parte hartu duten herrialdeak. Hots, AEBek –eta Kanadak– hegoaldeko auzokideekin egiten duten bilkuran, Gerra Hotzaren erlikia denean. Joe Biden presidentearentzat azken gailurra izango da, baina Ukrainako gerrari begira dagoen arren, ez du bere aztarna, bere legatua, utzi gabe agur esan nahi.

Agian, horrek bultzatuta, historiarako ondarea utzi nahian-edo, denak pozik utzi nahi izan ditu. Eta denak haserrearazi ditu. Izan ere, Venezuela eta Nikaragua betatuko zituela jakinarazi eta azken bi gailurretan parte hartu duen Kubarekin ere berdintsu egin zezakeela iradoki zuenean, hautsak harrotu zituen. Lehenik, Karibeko hamalau herrialdeen komunitatean, eta gero, batez ere, Mexikon. Kubaren zigorrak leuntzearekin urak mantsotu nahi izan dituen arren, kontrakoa lortu du: “etxekoak” –errepublikanoak eta Miamiko kubatar lobbya– are gehiago haserretzea.

Ezezkoaren indarra

Mexikok matxinadara deitu zuen, herrialde baten kontrako betoa balego inork ez zuela parte hartu beharko iradokiz. Eta Mexikoren absentzia zaplazteko galanta izango da Bidenentzat. Beste herrialde batzuk –Honduras kasu– animatzeaz gain, Ameriken Gailurraren izate bera zalantzan jartzen duelako. Brasilgo Bolsonarok ere azken unera arte dudatan jarri du bere presentzia, eta Bidenekin aurrez-aurreko bat –bien arteko lehenengoa– ziurtatu dioten arte ez du baieztatu joango dela.

Gauzak horrela, herrialdeen matxinada batekin eta parte hartuko ez dutenak –eta Los Angelesera joango diren beste herrialde batzuekin batera; Ekuador, adibidez– Habanan ALBAko herrialdeen gailur propioa eginda, porrotaren aukera oso nabarmena egin da. Izan ere, AEBek betikoan segitu nahi dute: «demokrazien klubean» zein sartu eta zein ez erabakitzen , militarismoaren aldeko eta migrazioaren aurkako neurri zorrotzagoak besteei diktatuz.

AEBek ez dute eskaintza onik, ezer eskaintzeko badute. Inoiz ez bezala, ezezkoak jaso ditu; batez ere hegoaldeko auzokide deserosoarena, Mexikorena. Ezezko horrek indarra dauka, eta, AEBen beldurrak esnaraziz, horizonte berriak zabaltzen ditu Latinoamerikan: inoren mendeko, inoren lekaio, izango ez den antolaketa eredu berri bati ateak irekiz.

Mexiko: soslai propioa duen erraldoiaren itzal handia

Lopez Obrador presidenteak esandako hitzek hautsak harrotu eta AEBetako diplomazian alarmak piztu zituen: «Ez gaude elkarrekin mokoka aritzeko, batzeko, ahaidetzeko baizik. Eta gure artean ezberdintasunak izan arren, konpon ditzakegu elkarri entzuten badiogu, elkarrizketaren bidez, inor ez baztertuta. Gainera, inork ez du baztertzeko eskubidea: inork ez dezala beste herrialde bat baztertu».

AEBek Kuba, Venezuela eta Nikaraguari ezarritako betoak altxatu ezean, Mexikok Los Angeleseko gailurra boikotatuko zuela jakitean, Lopez Obradorrek iritziz aldatzeko bidaiak biderkatu dituzte Jauregi Nazionalera, pertsuasio eta presio bideak tartekatuz. Badakite nazioarteko politikan Mexikoren bide eta soslai propioak inspiragarriak direla; Hondurasen edo Karibeko herrialdeetan oihartzuna dutela. Biden saiatu da Kubari zigor neurri batzuk leunduz. Alferrik, baina. Mexiko ez dago ados militarismoa eta muturreko migrazio politikak soilik Latinoamerikari eskaintzearekin. GARA