EDITORIALA

Denon askapenerako ezinbesteko lanabesa

Bilgune Feministak 20 urte betetzen ditu aurten. Oñatin ospatu dute urteurrena, bi eguneko jardunaldi mamitsu batzuekin. Bi hamarkada hauetan lan egin duten bezala antolatu dute topagunea, zarata gutxi ateraz, inurri lana lehenetsiz, momentuko liskar txikien gainetik epe luzera begiratuz. Transmisioa bermatuz, konplexuak diren gauzak sinplifikatu gabe. Horren isla izan dira topaguneko eduki eta irudiak, belaunaldi desberdinak elkarlanean erakutsi dituztenak.

Leku oso desberdinetatik feminismoaren gaitasun eraldatzailea zalantzan jartzen den egunotan, garrantzitsua da mugimendu honen ekarpenak garbi izatea. Aspalditik datozen borrokei konplexutasuna gehitu die; gerizpean zeuden kontraesan ugari azaleratzeko eta aurrera jarraitzeko ezinbesteko akuilu izan da; borroka desberdinak harilkatu eta elkarlanerako espazio berriak ireki ditu. Angela Davisek Bilbon duela urte batzuk esan bezala, «gure kontzientzia askoz konplexuagoa da orain». Bere bilakaera politikoari buruz ari zen, baina Euskal Herriko mugimendu subiranistari ere aplika dakioke. Horren erantzulea feminismoa izan da, neurri handi batean; eta gurean, Bilgune Feministak ezinbesteko alea jarri du urte hauetan. «Guk azaldu nahi genuen hori barneratua daukate dagoeneko belaunaldi berriek», adierazi zuen elkarrizketa berean. Aipatutako inurri lanak ahalbidetu du horrela izatea, nahiz eta ezin den ahaztu atzera itzultzeko arriskua beti hor dagoela. Aurrerapauso orok dauka bere erreakzioa.

Askatasunaren eta berdintasunaren arteko dilema faltsuaren kontra argudio zaharrak ere biziberritu ditu feminismoak. Nola izango gara libre, norbaiten askatasuna beste batenaren gainean eraikitzen badugu? Areago, bi idealak elkarrekin uztar daitezkeela gogorarazi digute azken urteetan, elkarren mendeko baitira askatasuna eta berdintasuna. Emakumeen -bere zentzu zabalenean- eta gizonen arteko berdintasunerako ezinbesteko tresna da feminismoa, jakina, baina baita denon askatasunerako ere, gizonena barne. Dena argitzen duen erantzun estatiko bat baino, herri hau eraldatzen jarraitzeko ezinbesteko lanabesa baita feminismoa.