GARA Euskal Herriko egunkaria

Armen kontrolerako lehen pauso eskasa AEBetako Senatuan

Azken asteotako sarraskien ostean, bi alderdietako senatari talde batek adostasuna lortu du tiroketa masiboei aurre egingo dien lege-egitasmo baterako. Estatubatuarren gehiengoa armen kontrola zorrozteko neurrien alde dago, inkestek erakusten dutenez eta asteburuan kalera irten ziren milaka herritarrek adierazi zutenez.

Larunbatean Buffalon «Gure Bizien Aldeko Martxa» elkarteak armen kontrolaren alde deitutako protesta. (Saul LOEB | AFP)

Herritarren gehiengoak, eta Biden presidenteak berak, eskatzen dituen neurrietatik oso urrun daude adostutako neurriak: ez dira inondik inora debekatzen eraso-errifleak, ezta 21 urtetik beherakoentzat ere (adin horretara arte ez dago alkohola erosterik AEBetan, esate baterako). Iragarritako neurri horiek lege zehatz bihurtzeko ere denbora beharko da. Baina balizko legearen edukiek ekar ditzaketen aldaketak baino gehiago, gutxieneko adostasun horrek dauka garrantzia. AEBetako Senatuan 50na senatari dituzte errepublikanoek eta demokratek, eta armen legedian edozein aldaketak 60 boto behar ditu. Horregatik, igande goizean 20 senatarik akordioa iragarri zutenean, erdiak errepublikanoak izanik, argi geratu zen blokeoa gainditzeko oso urrats garrantzitsua zela.

Chris Murphy eta Kysten Synema demokratak eta Thom Tillis eta John Cornyn errepublikanoak izan dira proposamenaren negoziatzaile nagusiak. Proposamenean jasotzen diren neurririk esanguratsuenak dira 21 urtetik beherakoek armak erosterakoan, horien erregistro kriminala eta osasun mentalari buruzko historia ikertu beharko direla, baita adingabe zirenekoa ere. Arazoetako bat da estatu bakoitzak erregistro horiei buruzko legedi propioa duela. Demokrata gehienek -eta errepublikano gutxi batzuek- nahiko lituzketen neurri zorrotzagoak -esaterako, 21 urtez beherakoek eraso-armarik ezin erostea- bazterrean utzi dituzte, behar besteko babesa lortzea gaur-gaurkoz ezinezkoa dela jabetuta, eta posible zaien gutxieneko akordio xume hori hobetsita.

Beste neurri batzuk ere adostu dituzte: estatuei «bandera gorri» legedia hedatzeko laguntza (Poliziak behin-behinean armak kentzea ahalbidetzen du arriskutsutzat jotzen bada pertsona bat) eta eskoletako segurtasunerako diru gehiago bideratzen du, eta indarkeria matxista ere aintzat hartzen du, bikotekideari tratu txarrak eman dizkietenei armak izateko oztopo gehiago ezarriz.

GAZI-GOZOA

Joe Biden presidenteak ere aitortu du berak eskatzen zuena baino xumeagoa dela legea: «Ez du biltzen nire ustez egin behar den guztia, baina urrats garrantzitsuak dira norabide egokian». Horregatik, Senatuak legea ahalik bizkorren onartu eta presidentearen mahai gainean egotea espero duela esan du; «bi alderdien babesa izanda, ez dago atzeratzeko aitzakiarik. Joandako egun bakoitzean, ume gehiago hiltzen dira herrialde honetan; zenbat eta arinago iritsi nire mahaira, orduan eta arinago sinatuko dut nik legea eta bizkorrago erabiliko ditugu neurriok biziak salbatzeko». Izan ere, horrelako sarraskiek dakarten saminak Kongresuan jartzen du herritarren begirada, baina azken urteotan izandako erantzuna hutsaren hurrengoa izan da: 2012an Sandy Hookeko erasoaren ostean ere bi aldeetako senatariek adostu zuten legeak, esaterako, ez zituen lortu beharrezkoak diren 60 botoak.

Alexandria Ocasio-Cortez kongresukide ezkertiarrak babes kritikoa eman dio orain arte iragarritakoari. «Atsekabetuta nago fokua gazteen kriminalizazioan jartzen delako, armetan jarri beharrean. Baina tira, aurrekari penalak egiaztatzeari buruzko xedapena pozgarria da. Uste dut testu zehatzari begiratu beharko diogula», esan du.

Maiatzaren hasieran New York estatuko Buffalo hirian supremazista zuri batek auzune beltz batean egindako sarraskiak eta handik gutxira Texasko Uvalde eskolan 19 ume eta bi irakasleren hilketek berriz ere mahai gainean jarri dute armen auzia. «Tiroketa masiboak» (lau lagun edo gehiago tiroz zauritu edo hil dituzten tiroketak, egilea kontuan hartu gabe) zenbatzen dituen Gun Violence Archive erakundearen arabera, halako 260 izan dira urtea hasi denetik, eguneko 1,5 baino gehiago. 8.700 lagun hil dituzte urtarriletik joan den asteburura arte suzko armek, suizidioak kenduta.

MANIFESTAZIO JENDETSUAK

Errealitate horren aurka, haserre, dozenaka mila lagun irten ziren protestan joan den asteburuan, March For Our Lives (Gure bizien aldeko martxa) elkarteak deituta. Duela lau urte sortu zuten taldea Floridako Parkland institutuan 17 lagunen hilketaren ostean, antzeko sarraski baten ostean egondako manifestaziorik jendetsuenak deitu zituzten, eta milaka ikasle irten ziren eskoletatik protestekin bat egiteko.

Asteburu honetan, Estatu Batuetako 450 hiri eta herritan egin dituzte elkarretaratzeak. Washington hiriburuan, esaterako, Kongresuaren aurreko National Mallen 40.000 lagun baino gehiago elkartu ziren larunbatean. Parklandeko erasoan bizirik irten zen David Hogg-ek honakoa salatu zuen: «Uvaldeko umeen sarraskiak amorrua ekarri beharko liguke; ez dugu eztabaida gehiago nahi, berehalako aldaketa baizik». Washingtonen memorialean hitza hartu zutenen artean egon zen Buffaloko sarraski arrazistan 86 urteko amona hil zioten Garnell Whitfield ere: «Justizia eske gaude hemen». Joe Biden presidentea ere manifestazioaren alde mintzatu zen.