Ane URKIRI ANSOLA
EUSKAL PENTATLOIA

Nerea Arruti eta Arbelaitz debutarien indar erakustaldia

Urnietarrak eta oiartzuarrak aizkorako proban aldeak handitu zituzten eta hortik aurrera, garaiezinak izan ziren. Errekorra aise ondu zuten, iaz Garazi Arrutik eta Orbek eginiko markari bost minutuko aldea atera baitzioten Tolosako zezen plazan.

Nerea Arruti (ezkerrean) eta Amalur Arbelaitz (eskuinean), podiumaren gorenean garaipena ospatzen.
Nerea Arruti (ezkerrean) eta Amalur Arbelaitz (eskuinean), podiumaren gorenean garaipena ospatzen. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Kontzientziaz prestatzen aritu dira pentatloia Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz azken zazpi hilabeteetan eta atzo «sakrifizio» horren fruitua jaso zuten gipuzkoarrek. Estreinakoz aritu dira pentatloian eta debutean, garaipena eskuratu dute. Gainera, aise gailendu zitzaizkien beste bi bikoteei, nahiz eta horiek iazko esperientzia euren alde izan.

Bigarren edizioa izan zuen Binakako Emakumezkoen Pentatloiak eta lehen aldiz, hiru bikote aritu ziren lehian. Hiru bikote, sei kirolari plazaratzea jada ospatzeko moduko lorpena izan da eta Tolosako zezen plazako harmailak oraindik ere gehiago betetzeko lana egiteko dagoen arren, maila ikusgarria erakutsi zuten hiru bikoteek. Horren erakusle, hirurek ondu zutela iazko errekorra; irabazleek, gainera, nabarmen, bost minutu azkarrago aritu baitziren.

AIZKORAN ALDEAK HANDITU

Kasik proba guztietan izan ziren aurretik urnietarra eta oiartzuarra. Garazi Arruti eta Orbe iazko txapeldunen pareko bukatu zuten 63 kiloko bolari 20 altxaldi ematea eta horrek, Nerea Arrutiren esanetan, konfiantza eman zien.

Giza proban, urnietarrak indar erakustaldia eman zuen, bai eta Orbek eta Karmele Gisasola Zelai III.ak ere. Mallabitarra, baina, apur bat atzerago geratu zen harriarekin denbora galdu baitzuen bere bikote Uxue Ansorregik. Hasieran galdutako denbora hori motxila handia izan zen hauentzat eta korrika saioan bigarren geratzeko lehia bizian egon ziren arren, azkenean hirugarren postuan bukatu zuten, irabazleengandik hiru minutura.

Aizkoran ireki zuten benetako aldea Nerea Arrutik eta Arbelaitzek. Beste bi bikoteek baino kasik lau minutu azkarrago bukatu zuten 65 ontzako bi enbor erdibitzea eta beraz, garaipenetik urrats batera jarri ziren. 25 kiloko txingekin ere indartsu aritu ziren; korrika saioa hasi zutenean pasatu ziren beste lau kirolariak txingak jasotzera. Garaipena norena zen zalantzarik ez zegoen, ezta errekorra onduko zutenik ere. Erakustaldi galanta debutariena.

«Ezin sinetsita» eta ospatzeko gogoz

Garaipena «ezin sinetsita» jantzi zuten txapela Nerea Arrutik eta Amalur Arbelaitzek. Euskadi Irratiari emandako adierazpenetan, urnietarrak onartu zuen proba osoan ez ziotela denborari erreparatu eta bukatzean ikusi zutela «espero baino gutxiago» behar izan zutela pentatloia egiteko. Beraz, «oso pozik» agertu ziren mikrofonoen aurrean, bai eta ospatzeko gogoz ere, Arbelaitzek ondo erakutsi legez.

Biek ala biek onartu zuten harria jasotzeari ziotela beldurra baina iazko garaileekin «paretsu» aritzeak «konfiantza» eman ziela eta ordutik, dena errazagoa izan zela. «Aizkora da gure probarik onena, lasaitasuna hartu dugu hor» eta aldeak handitzean, «gainontzeko guztia lasai» egin zuela esan zuen Arrutik. GARA