GARA Euskal Herriko egunkaria

Tasmaniako eredua


Geografikoki eremu pribilegiatu batean bizi gara, behar adina ur dugu eta urtean zehar tenperaturak nahiko epelak dira. Gainera, gurean ez dira ohikoak lurrikara indartsuak, tsunamiak edo zikloiak. Orain arte horrela izan da, eta ez gara jabetu zer-nolako zortea dugun, beraz zorte hori amaitzear dela ere jabetuko bagina ziur aski beste mota bateko bizi ereduak sustatuko genituzke, baina ez du horrela izango den itxurarik. Ondorioz, desintegratu arte kiskaltzera kondenatuak gaude.

Azken egunetan egin duen beroarekin psikologikoki indarrak hartzeko zerbaiten bila aritu naiz eta aurkitu dut, Tasmanian, hain zuzen ere. Azken hamabost urteetan izan den itsaski ederrena izan dute Australiaren hegoaldean den uhartean eta egiazki, sekulako olatuak hartu dituzte bertakoek zein hegazkinez gerturatu diren surflariek.

Irudiekin freskatu naiz. Ura 12 gradutan eta lehorrean ere 12 gradu. Oraintxe negu betean dira han, munduaren beste aldean, baina Tasmanian ez da alde handirik urtean zehar tenperaturei dagokienez, oso gutxitan jaisten dira tenperaturak 5 gradutik behera eta oso gutxitan igotzen dira 25 gradutik gora. Eremu hezea eta egonkorra da, oraingoz.

Aitortu behar dut baliagarria izan dela irudi eder eta freskoekin gozatzea, nahiz eta izerdiarekin, ipurdia aulkiari itsatsi eta galtzontzilloak ipurdi azaleko beste geruza bat gehiago bilakatu. Baina surflari ernegatua naizenez, zerbaitekin ere pipertu behar nuen, eta bi egunez Tasmanian surf egiteko hegazkina hartu zuten surflariak irudikatu ditut. Ziur aski ekologistak izango dira, zuhaitzak besarkatu eta hondartzak garbituko dituzte, baina ingurumenari kalte gehien egiten dion ibilgailua hartzeko ez dute kontraesanik izango. Halako asko ditut inguruan, gainontzekoei ikasgai moralak ematen ibiltzen dira, belarjaleak dira, algekin egindako arropa janzten dute eta abar.

Paradoxikoa da, askok ekologista izan nahi dute, baina egiaz iruzurti hutsak dira. Aldiz, gure gurasoen belaunaldiarekin kontrakoa gertatzen da, ez dute ekologistak izan nahi, baina sasiekologistek baino mila bider kalte gutxiago egiten diote ingurumenari. Askok ez dute autorik erabiltzen, ez dute mugikorrik, eta birziklapen arauak zorrotz betetzen dituzte, ardura zibikoa dutelako, eta ez dira besteei gaitzespen moralak aurpegiratzen aritzen, egin behar dutena egiten dute eta kito. Nire aita da nahi gabeko «ekologista» horietako bat. Urrun joan gabe, ereduak, etxean izaten ditugu. Ziur zutabe hau irakurtzen ari den irakurleak ere baduela halako norbait ondoan.