Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURFA

Stephanie Gilmore eta Griffin Colapinto txapeldun, El Salvadorren

Stephanie Gilmore eta Griffin Colapinto nagusitu ziren El Salvadorren egin zen CT itzuliko zazpigarren txapelketan. Aldaketak izan dira nesken zein mutilen rankingetan baina Carissa Moorek eta Filipe Toledok jarraitzen dute lehen postuan.

Lakey Peterson, bira bat egiten.
Lakey Peterson, bira bat egiten. (WSL)

Pasa den asteburuan amaitu zen El Salvadorren egin zuten CT itzuliko zazpigarren txapelketa. Bi metroko olatuak izan ziren, baina kalitatea ez zen oso ona izan, eta ondorioz lehiakideek ere zailtasunak izan zituzten puntuazio altuak lortzeko eta ezusteko emaitza anitz izan zen. Azkenean, Stephanie Gilmore eta Griffin Colapinto nagusitu ziren.

Nesken zein mutilen ranking orokorretan aldaketa nabarmenak izan dira; aldiz, Carissa Moore eta Filipe Toledok lehen postuari eutsi diote, nahiz eta gainontzeko lehiakideak gero eta gertuago izan. Rankingean postu onean ziren zenbait lehiakidek zirkuitua ere utzi behar izan dute lesioengatik, Tyler Wright edo John John Florencek kasu, eta horrek ere eragina izan du sailkapenean.

Aurtengo denboraldia zinez gogorra izaten ari da, batez ere ekaina; izan ere, denbora oso laburrean hiru txapelketa egin behar dituzte lehen mailako lehiakideek. Ondorioz, bidaia anitz egin behar dituzte. Une honetan bertan Brasilera bidean dira lehen mailako surflariak, datozen egunetan izango den CT itzuliko zortzigarren txapelketari ekiteko.

OLATUAK ETA EMAITZAK.

Ia bi metroko olatuak sortzen zituen itsaski bat izan zen pasa den asteburuan El Salvadorreko kostaldean, baina itsaskiaren norabideagatik edo hondoko harea mugitua zelako, Punta Rocako eskuin luzea ez zen bere onenean; gainditu ezinezko sekzioak sortzen ziren eta ondorioz surflariek ezin zuten nahi adina ariketa egin.

Finaletan haizeak zeharka jotzen zuen eta olatuak narrasten zituen, baina txapelketa egiteko gutxieneko baldintzak betetzen ziren eta antolatzaileek txapelketa amaitzea erabaki zuten, hurrengo egunetarako iragarpena oraindik eta okerragoa baitzen. Edonola ere, baldintzak berberak ziren lehiakide guztientzat; beraz, zentzu horretan ez zegoen kexatzeko arrazoirik, baina egia da El Salvadorreko txapelketan olaturik onenak hartzeko zortea izan zuten lehiakideak izan zirela emaitza onenak lortu zituztenak.

Horren adierazle garbia izan zen finalerdietan Gabriel Medina eta Griffin Colapintoren arteko txanda. Medinak sekulako ariketak egin zituen, airekoak eta bira indartsuak, baina olatu laburrak eta txikiak hartu zituen; aldiz, Colapintok ariketa gehiago egiteko aukera eman zioten olatu handiagoak eta luzeagoak hartzeko zortea izan zuen eta finalerako pasea lortu zuen.

Finalean Filipe Toledo izan zuen arerio Colapintok eta antzeko zerbait gertatu zen, olatu hobeak hartzea lortu baitzuen estatubatuarrak. Hartu zituen olatuei etekin atera zien, bira indartsuak egin zituen eta horrela irabazi zuen mutilen lehiaketako txapela.

Nesken kategorian, ostera, Stephanie Gilmore eta Lakey Peterson beteranoak izan ziren buruz buru lehian eta hemen ere olatu hoberenak hartzea lortu zuena gailendu zen. Zazpi bider munduko txapeldun izandakoak soilik lau olatu hartu zituen, horietatik bi hasi bezain laster amaitu ziren, baina beste biak oso onak izan ziren. Petersonek olatu gehiago hartu zituen eta oso ongi aritu zen, indartsu, baina ez zuen behar bezalako olatu luze bat hartzea lortu eta bigarren postuan geratu zen.

El Salvadorren lortutako garaipenari esker lau postu egin ditu gora Colapintok ranking orokorrean eta, hala, egun hirugarren postuan da, Filipe Toledoren eta Jack Robinsonen atzetik. Laugarren postuan Italo Ferreira brasildarra aurkitzen da, eta bosgarren postuan, berriz, Kanoa Igarashi japoniarra.

Nesketan ere lau postu gora egin ditu El Salvadorren txapela irabazi zuen Stephanie Gilmorek eta hirugarren postuan da, Carissa Moore eta Johane Defayren atzetik, eta Brissa Hennesyrekin berdinduta. Azken txapelketan bigarren postuan geratu zen Lakey Petersonek, ostera, postu bat gora egin eta lehen bost lehiakideen taldean sartzea lortu du.

Azken txanpan.

Surf City El Salvador PRO CT zirkuituko zazpigarren txapelketa izan da; beraz, lehen mailako munduko zirkuitua azken txanpan sartzen ari da. Guztira hamar lehiaketako itzulia da aurtengoa eta, iaz bezala, hamar txapelketen ostean lehen bost postuetan diren lehiakideak Trestlesen lehiatuko dira Final Handian, aurtengo WSL munduko titulua eskuratzeko.

Kontuan hartu behar da bosgarren lehiaketaren ostean lehiakide kopurua erdira jaitsi zela. Hortaz, CT itzuliko bigarren zati honetan 12 neska eta 24 mutil ari dira lehian. Lehen zatian, nesken rankingean ari ziren 10 lehiakideak eta mutilen rankingean ari ziren 22 lehiakideak sailkatu ziren. Horiez gain, bigarren zatirako bi wildcard gonbidapen eman zizkieten Gabriel Medina eta Caroline Marksi, eta lehiaketa bakoitzeko beste bi wildcard ere oparitzen dira. Medinak eta Marksek ere aurtengo titulua eskura dezake, baldin eta bigarren denboraldiko txapelketa guztietan emaitza oso onak lortzen badituzte.

Ekaina ez da amaitu eta jada lehen mailako bi txapelketa egin dira, baina oraindik CT mailako beste txapelketa bat izango da datozen egunetan, ekainaren 23tik 30era bitartean Brasilen egingo den CT itzuliko zortzigarren txapelketa alegia.