Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Ezohiko beroa

Zeresana eman du eduki dugun bero-boladak. Euskal Herriari dagokionez ekaineko errekorrak hautsi dira, bai tenperatura maximoen kasuan bai tenperatura minimoen kasuan ere. Donostian 42 gradu izan ziren joan den larunbatean eta joan den larunbatetik iganderako gaua inoizko epelena (datuak daudenetik) izan zen Iruñeari dagokionez, non tenperatura minimoa ez zen 26,7 gradutik jaitsi gau osoan.

Horren eragilea aire-masa hotz bat izan zen. Zirkulazio nagusitik atera eta Portugal mendebaldean kokatu zen, eta, bertatik, Afrika iparraldeko aire-masa oso bero bat ekarri zigun guri hego-haizearen laguntzaz. 1.500 metrora airearen tenperatura 25 gradutik gora kokatu zen, 26-28 gradutan ere kokatu zelarik une batzuetan. Eta noski, tenperatura horiek oso beroak dira. Horri ekainean gaudela eta intsolazio handia gehituta, eman ziren balioak ateratzen dira. Horrek, baina, ez du esan nahi uda bero eta lehorra izango dugunik. Irakurri dut hortik iragarpenen bat, uda oso lehorra eta beroa izango dela. Ba hori jakitea ezinezkoa da. Ez dakigu hemendik 5-7 egunera zer eguraldi egingo duen eta gai gara hurrengo hiru hilabeteetan zer egingo duen jakiteko? Ez dut uste.

Nire ustez, iaz bezala, uda ipar-isurian motel xamarra eta hego-isurian beroa izango da. Baina, esandakoa: ez dago jakiterik. Gozatu udaz!