Arnaitz GORRITI
ARRAUNA

Ekaitzean Zumaia eta Lapurdi garaile Donibane Lohizunen

ETE Ligako bigarren proba «Telmo Deun»-ek eraman zuen, eguraldi petrala lagun, aurreneko txandan arraun eginda ere.

Sailkapen nagusian Hondarribia, Hibaika eta Deustu berdinduta daude buruan. KAE2 Ligako aurreneko proban, etxekoak nagusi.

Zumaiako trainerua, ezustean garaile.
Zumaiako trainerua, ezustean garaile. (Bob EDME EDIABASK | M)

Eguraldia eta olatuak petraltzen direnean, traineru estropadek beste dimentsio bat hartzen dute. Atzoko ETE Ligako bigarren estropada adibide ezin garbiagoa izan zen, Donibane Lohizuneko uretan Zumaiako «Telmo Deun»-ek aspaldiko partez poz ederra hartu ahal izan baitzuen. Hernaniko banderan gertatu zen bezalatsu, aurreneko txandan ateratzeak garaipenerako txartela eskuan izatea suposatu zuen ETE Ligako bigarren jardunaldi honetan ere.

Bestalde, Hondarribiak, Hibaikak eta Deustuk ETE Ligako sailkapen nagusiaren buruan 15na punturekin berdinduta amaitu zuten. Bi jardunaldiren ostean, «Ama Guadalupekoa»-k aurretik jarraitzen du oraindik, aurreneko jardunaldiko garaipenari esker.

Hiru luze eta bi ziaboga egin behar izan zituzten emakumeen traineru txapelketako «zilarrezko kategoria» honetan. Eguraldia arratsaldeak aurrera egin ahala petraltzen joan zen eta, batik bat, lehenengo ziabogatik bigarrenera bitarteko zatia erabakigarria izan zen, bigarren eta hirugarren txandetan aritu ziren ontziek hantxe galdu baitzuten «Telmo Deun»-ekiko aldea, nahiz eta azken luzean aldea murriztea lortu.

«Gaur [atzo] behintzat itxuran egin dugu arraunean!», adierazi zuen Zumaiako delegatu Juan Mari Goikoetxeak. «Emaitza honek kuadrillari poz handia emango dio, dudarik gabe, eta lanean gogotsu jarraitzeko gauza izango da», onartu zuen, pozarren. Izan ere, Zumaiak trainerua osatzeko nahikoa lan izan du.

Eguraldiak eguraldi. Zumaiak bere betebeharra fin asko bete zuen aurreneko txandan, Castro eta Portugalete, itxura batean ETE Ligako ontzirik ahulenak, hasieratik atzean lagata. Hurrengo txandetan zer jazoko zen ideia handirik izan ez arren, zumaiarrek gauzak txukun egin zituzten eta 12 minutuz behetik utzi zuten beren denbora, ez dena marka txarra itsasoa petral jarritako testuinguru batean.

Alabaina, inork gutxik esperoko zukeen aurreneko txandatik aterako zenik garailea, batez ere Hondarribiak, Hibaikak eta Deustuk hirugarren txandari ekin ziotenean. Aurreneko luzearen ostean hiru traineruek Zumaiak baino denbora hobea egin zuten, baina bigarren luze berezi horretan, guztiak ere «Telmo Deun»-engandik oso aparte geratu ziren, eta, hori gutxi ez, eta Hondarribiak alde handia galdu zuen beste bi ontziekiko.

Besterik ezean, lehia polita izan zuten Hibaikak eta Deustuk bigarren postu horren bila. Azkenean, gipuzkoarrak nagusitu ziren eta bertan lortu zuten ETE Ligako sailkapen nagusiko burua.

ETXEAN PROFETA

KAE2 Ligako aurreneko estropada, bestalde, Lapurdiko traineruarentzat izan zen. Joan den urtean maila galdu ostean, traineru lapurtarrak berriz ere gorantz begiratzeko gogoa izango du eta, egiari zor, nekez aurkituko du modu hoberik garaipenarekin hasita baino.

Eguraldi petrala, emakumeen estropadan gertatu zen legez, KAE2 Ligako estropadan ere nagusi izan zen. Pentsa, denbora onena egiteko 22 minututik gora behar izan zituen etxeko traineruak eta bigarren sailkatu zen Mutrikuri bost trainerutik gorako aldea atera zion, gainera.

ESTROPADAK GAUR

Arraun denboraldia martxan dago eta hala, gaur eguerdian Zumaian izango da hitzordua.

Hasteko, ETE Ligak Zumaiako V. Ikurrina jokatuko du 11.40ean. Ostean, KAE1 Ligako Zumaiako XXXVII. Ikurrinari dagokion estropada izango da.