GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETAK

Gogortasunik kenduko ez dioten aldaketekin dator bueltan Ehunmiliak


Pandemiak eragindako bi urteko etenaldia ez dute besoak gurutzatuta pasatu Ehunmiliak hirukoaren antolatzaileek, eta gogortasun apurrik ere kenduko ez dioten aldaketekin dator Goierri zeharkatzen duen ultratrail proba. Oinarrian, probak azken hamaika edizioetako muinari eutsiko dio, eta ohiko hiru probak mantentzen dira, Ehunmiliak ultratrail proba (168 km/ D+11.000m), Goierriko Bi Haundiak traila (88 km/ D+6.000m) eta Marimurumendi maratoia (42 km/ D+2.300 m).

Bi urte hauetako etenak ere ez dio erakargarritasunik kendu probari; dortsal guztiak agortu eta denera 1.295 lasterkarik eman dute izena: horietariko 515ek, datorren ostiral arratsaldean hasiko den probarik gogorrenean.

Aldaketarik esanguratsuenetakoak ibilbidean izango dira eta Andoni Zubeldia lasterketako zuzendariak ohar garrantzitsu bat bidali zien korrikalariei, ez daitezela euren oroitzapenez fio eta balizei jarraitzeko, galdu nahi ez badute. Gorlako anoa-postuaren ondorengo bidean, Oazurtza eta Zerain arteko jaitsieran eta MMM-ko herrigunerako jaitsieran izan dira berrikuntza nagusiak.

Probak aurreko urteetako arrakasta izan dezan, 1.600 boluntario arituko dira lanean eta halako probek gure inguruan izaten duten aztarna ekologikoa murrizte aldera, anoa-postuetan ez da plastikozko edalontzirik izango -korrikalari bakoitzak berea eraman beharko du- eta 5 litroko bidoiak erabiliko dira botilen ordez.