Amaia U. LASAGABASTER
EURO 2022

Herri bat, bi kamiseta

Espainiako kapitaina bata, Herbehereekin debutaria bestea, Irene Paredes eta Damaris Egurrola izango dira euskal futbolaren ordezkari bakarrak bihartik aurrera Ingalaterran jokatuko den Europako Txapelketan.

Irene Paredesek eta Damaris Egurrolak Europako Txapelketa jokatuko dute.
Irene Paredesek eta Damaris Egurrolak Europako Txapelketa jokatuko dute. (RFEF - ORANJEVROUWEN)

Txapeldunen Ligako finala orain dela hilabete eta erdi elkarren aurka jokatu ondoren, Irene Paredesek eta Damaris Egurrolak berriro ordezkatuko dute euskal futbola kontinenteko hitzordu handienean. «Oraintxe bertan sinatuko nuke norgehiagoka hura errepikatzea», dio legazpiarrak irri artean, «emaitza aldatuta, noski!». Aukerak egon, badaude, bihartik aurrera Ingalaterran jokatuko den Europako Txapelketa irabazteko faboritoen sortan kokatu baitaitezke bi euskaldunen taldeak. Selekzio propiorik ez eta Espainiako besokoa eramango du gipuzkoarrak eta, bizkaitarrak, berriz, Herbehereetako kamiseta jantziko du bihartik aurrera Ingalaterran jokatuko den Europako Txapelketan.

Bi selekzioen eta bi jokalarien ezaugarriak oso ezberdinak badira ere, ilusio berarekin ekingo diote Ingalaterrako hitzorduari, GARArekin izandako hizketaldian argi agertu dutenez. Bosgarren txapelketa handia jarraian jokatuko du atzelari gipuzkoarrak. «Oraindik ere ez nago urduri, baina lehen partidaren egunean ez da horrela izango. Beti gertatzen zait eta, egia esan, gustatzen zait tentsio puntu hori izatea».

Damarisentzat, berriz, lehen hitzordu handia izango da maila gorenean selekzioen arteko txapelketa batean. Apirilean hartu zuen erabakiaren ondoren, amaren herrialdearen kamiseta defendatuz ariko da bizkaitarra; egungo Europako txapeldunarena, alegia. Horrek sekulako «ilusioa» eta «erantzukizuna» sortzen dio aldi berean. «Gogotsu nago. Azkenean, prozesu luze baten ostean Herbehereekin aritzea erabaki nuen eta oso harro nago talde honen parte izatearekin. Horrelako txapelketak jokatzeko eta irabazteko hartu nuen erabakia eta orain demostratzeko unea heldu zait. Erronkari aurre egiteko irrikatan naiz, ehuneko ehuna eman eta ni neu izateko».

Bi euskaldunak ariko dira txapelketa irabazteko faborito diren taldeetan. Erdilaria batez ere, zerbaitegatik irabazi baitzuen bere selekzioak azken titulua. Baina ez du presio berezirik sentitzen. «Motibazio estra bat da presioa baino gehiago. Nik uste dut behin maila batera helduta, denok gaudela presiopean jokatzera ohituta eta, zelairatzen zaren unean, dena ahazten duzula». Gainera, «ez dakit faboritoak bagaren ere! Aurretik esateak ez du ezertarako balio, benetan zelaian egin behar baita berba. Egia esan, guri ez zaigu inporta faborito garen ala ez, lana eta helburua berdinak baitira edozein kasutan».

Egurrola bera baino are zuhurrago agertu da Paredes. «Ondo gaude, baina faboritotzat aurreko urteetako txapeldunak, finalistak... joko nituzke. Azken urteotan urrats handiak egin ditugu, esperientzia pilatu dugu eta edonor menperatu dezakegula erakutsi dugu, eta ilusioa eta anbizioa ere handiak dira, baina hemen dauden talde guztiak dira indartsuak, denek egin dituzte merituak hemen egoteko eta ez da erraza izango».

Espainiaren arma garrantzitsuena jokoa bera izango da Paredesen ustez. «Europan ez dago guk bezala jokatzen duen selekziorik», azaldu du. Puntu ahulena arlo fisikoan egon daiteke, «batez ere Europa Iparraldeko jokalariekin konparatuta. Oso altuak dira eta estrategian eta aireko jokoan igarri egiten da. Baina gure jokoa inposatu eta baloia azkar mugitzea lortzen badugu, ez genuke larregi sufritu behar».

Mark Parsonsen taldeari dagokionez, «ahulezia gutxi ikusten» dizkio Egurrolak. «Gainera, horiek ezkutatzea lortzen dugu taldearen sendotasunari eta batasunari esker». Egurrola benetan pozik da Herbehereetan aurkitu duenarekin: «Esperientzia handia du taldeak exijentzia handiko txapelketetan, selekzio zein klub mailan, eta sekulako talentua! Partida bakarrean ez, bi-hiru-lau partidetan jarraian oso maila onean egoteko taldearen gaitasuna nabarmenduko nuke, oso garrantzitsua iruditzen baitzait horrelako txapelketa batean».

Realzaleek badute nor animatu

Inor gutxik ulertu duen Jorge Vildaren erabakiaren ondoren, Amaiur Sarriegik eta Nerea Eizagirrek etxetik jarraitu beharko dute Europako Txapelketa. Realzaleek, ordea, badute nor animatu, Sanni Franssi eta donostiarrek fitxatu berri duten Andreia Jacinto Ingalaterran ariko baitira.

«Multzo zaila daukagu -onartu dio GARAri aurrelari finlandiarrak-. Alemania, Espainia eta Danimarka izango ditugu aurkari, eta, rankinga begiratuta, gu gara talde okerrena, baina txapelketa ona egin eta gure zaleak harro sentiarazteko ilusioarekin ariko gara. Saiatu, saiatuko gara». Ametsetako denboraldi baten ametsetako amaiera izango da Franssirentzat. «Oso animatuta nago. Sekulako denboraldia egin dugu Realean, sari ederra jaso dugu eta nire lanarekin ere oso pozik amaitu dut. Orain, berriz, horri guztia nire selekzioarekin borobiltzea gustatuko litzaidake».

Multzo konplikatua egokitu zaio Andreia Jacinto talde txuri-urdineko jokalari berriaren selekzioari ere. Portugal, izan ere, Suedia eta Herbehereak faborito nagusien aurka arituko da lehen fasean. Multzoko laugarren selekzioa Suitza da. A.U.L.