GARA
ATHLETIC

Valverderen Athletic, lanean; Muniainek, Europa begiz jota

Denboraldiko lehendabiziko entrenamenduan 32 jokalari aritu dira, tartean harrobiko zortzi futbolari. Mila zale inguru gerturatu dira Lezamara.

Yuri Berchiche baloia kolpatzen, Valverde adi-adi begira duela.
Yuri Berchiche baloia kolpatzen, Valverde adi-adi begira duela. (Aritz LOIOLA FOKU)

Lan saio bikoitza eginda hasi zuten atzo denboraldiaurrea Athleticeko jokalariek. Azken asteotan, hauteskundeak tarteko, zalaparta handia sortu da klubaren inguruan eta, behin lehendakaria aukeratuta, urak apur bat lasaitu dira. Jon Uriartek ekainaren 30ean hartu zuen kargua eta ordutik, lantaldea zehazten ari da. Valverderen iritsiera ahal bezain pronto iragarri zuten eta igandean egin zuten ofizial taldearen lehen fitxaketa: Gorka Guruzeta.

Aurrelari donostiarra Lezamara itzuli zen atzo bertan, denboraldiko lehen entrenamendua osatzeko. Amorebietarekin Bigarren Mailan 13 gol sartu izanak eragin du Guruzeta Athleticera itzultzea. Hala, berarekin batera beste 31 jokalari izan zituen bere agindupean Valverdek, Athleticen teknikari moduan hirugarren etapa hasi berritan. Horietatik zortzi harrobiko jokalariak dira -Beñat Gerenabarrena, Malcom Adu Ares, Luis Bilbao, Aitor Paredes, Beñat Prados, Ander Iru, Alex Padilla eta Ibon Ispizua- eta tartean izan ziren ere pasa den urtean utzita beste taldeetan aritutakoak, Iñigo Cordoba salbu.

Lezaman egon ez zirenen artean, Ander Capa nabarmendu beharra dago. Portugaletekoaren kontratua pasa den ekainaren 30ean bukatu zen -iragan denboraldian apenas jokatu zuen- eta, EiTBk aurreratu zuenez, hegaleko bizkaitarrak ez du Athleticen jarraituko. Ikusi beharko da azkenean horrela den edo ez. Bestalde, Iñigo Martinez, Unai Simon, Julen Agirrezabala eta Vencedor oporretan dira oraindik, Espainiako selekzioekin aritu baitziren iragan denboraldia amaitu eta gero.

HELBURUAK FINKATZEKE

Goizeko lan saioaren bukaeran, Iker Muniain kapitainak kazetarien galderei erantzun zien eta, ziurtatu zuenez, Jon Uriarte lehendakari berriarekin «hitz gutxi batzuk» besterik ez ditu trukatu oraingoz. «Helburuak finkatu asmoz» bilera bat egingo dutela ere aurreratu zuen. Nafarrak, hori bai, taldeak azken urteetako dinamika apurtu eta Europako lehiaketetara itzultzea begiz jota duela onartu zuen.