GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Boris Johnson, Brexitaren liderra etxera


Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak dimisioa eman zuen atzo, baina karguan jarraituko du bere alderdiak lider berria hautatu arte. Ekainean barne zentsura-mozio bat gainditu ondoren heldu da dimisioa. Bozketa hark agerian utzi zuen diputatu toryak ez zeudela pozik haren lidergoarekin. Lehen ministro gisa egindako kudeaketa eskasak ez ezik, dimisio horretan pisu handia izan dute agintaldia zipriztindu duten eskandaluek, bereziki pandemian egoitza ofizialean izandako jaiek.

Boris Johnson Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetea bultzatu zuen elite britainiarren ordezkari nabarmena da. Brexita Britainia Handia munduan goragoko mailan jartzeko saiakera izan zen. Bultzatzaileek arrakasta izan zuten beren ahaleginean, eta Johnsonek lortu zuen, hain zuzen, Europar Batasunetik bereizteko prozesua burutzea. Hala ere, garaipen hark ez dio funtsezko etekinik eman Britainia Handiari geopolitikan. Badirudi bere anbizio bakarra Errusiarekin eta Txinarekin harremanak tenkatzea dela. Barnera begira, berriz, Brexitak oso egoera zailean utzi ditu Ipar Irlandako unionistak, Ingalaterra eta Irlandaren arteko aduana ezarri zuelako. Hala ere, eta Mary Lou McDonald Sinn Feineko buruak atzo adierazi bezala, Ostiral Santuko Akordioa desegiten saiatu da etengabe Johnson. Hortaz, errepublikanoek ez dute haren falta sumatuko. Brexitak eta toryen gobernuaren presioak desio sezesionistak bizitu ditu Ipar Irlandan, Galesen eta Eskozian, non alderdi independentistek pisua eta eragina irabazi duten. Dagoeneko Eskoziak beste erreferendum bat proposatu du Britainia Handitik independizatzeko.

Nolanahi ere, nabarmentzekoa da sistema britainiarrak liderrak etxera bidaltzeko duen gaitasuna, baita karguari etsi-etsian eusten diotenak ere. Izan ere, azken hiru lehen ministroek dimisioa eman dute; demokraziaz mintzo da zerbait, baina baita toryen barne zatiketa handiaz ere. Alderdia batzea izango da hurrengo liderraren erronketako bat. Espero dezagun bere balio demokratikoei ere ohore egitea eta oztoporik ez jartzea Irlandak, Eskoziak eta Galesek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauza dezaten.