GARA Euskal Herriko egunkaria
HITZORDUA

Euskal harrobiko gaztetxoenek argi erakutsi dute maila handia dutela

FEDMEk eskola adinean dauden 14 eta 16 urtez azpiko kategorientzat Berriobeitiko Rocopolis rokodromoan antolatutako eskalada txapelketan emaitza bikainak lortu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko selekzioak.


Hego Euskal Herrian tradizio handia izan dute eskalada lehiek. Eta espezialista handiak egon dira. Horietako batzuek, gainera, nazioarteko hitzordu garrantzitsuenetan irabaztea eta podiumak eskuratzea ere lortu dute. Hori batez ere seniorren mailan gertatu da. Baina, maiz aipatu dugun bezala, azken urteotan kategoria hori krisi sakonean murgilduta dago.

Gazteen maila ezberdinetan, berriz, onartu behar da eskalada lehiek gero eta jarraitzaile gehiago dituztela. Hots, euskal harrobia badago, eta, gainera, indar handia du. Hain zuzen ere, joan den asteburuan, kategoria horietako gaztetxoenek argi erakutsi zuten, sasoiko egoteaz gain, bikain lehiatzeko gai ere badirela.

Ondorio hori FEDMEk Berriobeitiko Rocopolis rokodromoan antolatutako txapelketan atera genuen. Espainiako Eskalada eta Mendizale Federazioari dagokionez, onartu behar zaio apustu handia egiten duela gazte horien ibilbidea bultzatzeko. Hitzordu horrek eskola-adinean dauden 14 eta 16 urtez azpikoen lehiaketak jaso zituen. Hots, infantilak eta kadeteak. Eta hitzordua biribiltzeko Autonomia Erkidegoetako Txapelketa ere egin zen.

Inolako zalantzarik gabe, FEDMEren txapelketa guztiz arrakastatsua izan zen. Denera 14 selekziotako 130 eskalatzailek hartu zuten parte, eta ikusle andana bertaratu ziren, batez ere gurasoak. Hitz batean esanda, giro ederra sortu zen Rocopolisen.

Probaren ereduari dagokionez, aurreratu behar dugu bi “zati” izan zituela. Lehen lehia egunean abiadurak protagonismoa izan zuen. Bigarrenean, aldiz, boulderrak eta zailtasunak, baina formatu konbinatuan. Horrekin esan nahi dugu bi modalitate horietan lortutako puntuek argitzen zituztela sailkapeneko podiumak. Bide batez, azpimarratu behar dugu formatu hori oso egokia dela; izan ere, bi urte barru Parisen izango diren Eskaladako Olinpiar Jokoetan erabiliko dena da.

EAE BIKAIN

Bi egunetan zehar izan ziren emaitzak kontuan hartzen baditugu, esan behar dugu Euskal Autonomia Erkidegoko selekzioko ordezkariek postu bikainak lortu zituztela. Batez ere, konbinatuan. Abiaduran, berriz, kamuts ibili ziren. Soilik Nafarroako Foru Komunitateko selekzioko bi ordezkari ikusi genituen finalean: Irune Equiza laugarren izan zen infantilen kategorian eta Aitor Sanz seigarren kadeteetan.

Nafarrek Euskal Autonomia Erkidegokoko lehiakideei eman zieten “lekukoa” konbinatuan. Eta horiek argi utzi zuten boulderrean zein zailtasunean maila handia dutela. Lehen domina Ines Allendek lortu zuen, 14 urtez azpikoen mailan. Allendek ezusteko ederra eman zuen zailtasuneko proba irabazi eta blokekoan hirugarren postua lortu eta gero. Podiumaren bigarren kutxara Udane Mugika igo zen. Mutiletan postu bera erdietsi zuen Eñaut Usonek.

16 urtez azpikoen mailan jardun zuten euskal lehiakideak ez ziren atzean geratu. Maddi Agirrek urrea lortu zuen. Allende bezala, oso erregularra izan zen: zailtasunean lehen postuarekin eta boulderrean bigarrenarekin egin zen. Finaleko txartela lortu ondoren, Intza Elizalde zortzigarren izan zen. Asier Antunezek, berriz, bosgarren postua lortu zuen. Amaitzeko, aipatu behar da nesken maila EAEko selekzioa nagusitu zela.