GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Ballito Pro: Molly Picklum eta Rio Waida nagusi CS itzuliko hirugarren lehiaketan

Uztailaren 10ean amaitu zen Ballito Pro, Challenger Series itzuliko hirugarren txapelketa. Molly Picklum australiarra eta Rio Waida indonesiarra izan ziren irabazleak. Bihar hasiko da Jeffereys Bayko txapelketa, Hegoafrikako eskuin olatu mitikoan.

Adur Amatriain zarauztar gaztea, Ballitoko txapelketan. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Challenger Series itzuliko hirugarren txapelketa egin berri da Hegoafrikan, Ballito hondartza famatuan, eta Molly Picklum australiarra eta Rio Waida indonesiarra izan dira irabazleak. Euskal Herriko surflariak ere izan ziren Balliton, baina ez zuten emaitza esanguratsurik lortu. Artean, lehen mailako surflariek Hegoafrikan jarraitzen dute eta Feffreys Bayen lehiatuko dira bihar bertan hasiko den CT itzuliko bederatzigarren txapelketan.

Ballitoko txapelketaren ostean Leonardo Fioravanti da buru mutilen rankingean. Italiarrak ez du orain arte garaipenik lortu, baina behar adina puntu ditu rankingeko buru izateko. Aitzitik, Rio Wandak orain arteko hiru lehiaketetatik bi irabazi ditu, baina lehendabizikoan ez zuen lehen txanda gainditu eta, 23 postu gora egin dituen arren, egun bigarren da CS rankingean.

Nesken rankingean Caitin Simmers estatubatuarrak jarraitzen du CS rankingeko buruan. Paradoxikoki, Molly Picklumek, Ballitoko txapela irabazi arren, bi postu behera egin ditu eta egun laugarren postuan da, Nikki Van Dijk eta Teressa Bonvaloten atzetik.

Picklum eta Waida

Txapelketak iraun zuen artean olatuak metro batekoak izan ziren Balliton. Olatu azkarrak eta laburrak izan ziren, baita finaletan ere. Ondorioz, lehiakideek ariketa bakar bat edo bi ariketa egiten zituzten gehienetan. Horregatik lehen ariketak garrantzia handia hartu zuen eta gutxienez lehen ariketa indartsu bat ziurtatzen saiatu ziren surflariak. Abiadura apur bat lortzen zutenak airekoak egiten saiatzen ziren, eta, mutilen finalean ikusi ahal izan zen moduan, baita lortu ere: Rio Aidak sekulako maisutasuna erakutsi zuen air reverse borobilak egiten.

Nesken finalean bi australiar izan ziren buruz buru, Macy Callaghan, 21 urtekoa, eta Molly Picklum, 19 urtekoa. Oso lehia parekatua izan zuten, baina txanda amaitu zenean gazteenak puntu gehiago zituen eta txapela eskuratu zuen.

Gizonezkoetan Rio Waida 19 urteko indonesiarrak Gatien Delahaye 21 urteko guadalupearra izan zuen arerio finalean. Guadalupeko surflaria bikain aritu zen, baina indonesiarra hobeto aritu zen. Baldintza oso zailetan abiadura bizian aritu zen Waida eta ikusleak txundituta utzi zituen egin zituen airekoekin eta bira bortitzekin.

Gauzak horrela, hurrengo urtean lehen mailan egoteko lehian ari diren surflarien hurrengo geldialdia Kalifornian izango da, uztailaren 30a eta abuztuaren 7a bitartean Huntington Beach hondartza mitikoan egingo den txapelketan. CS itzuliko laugarren txapelketa izango da eta euskal surflariak ere arituko dira bertan.

EUSKAL SURFLARIAK

Euskal herritarrak ere izan ziren Ballito hondartza famatuan egin zen txapelketan, baina soilik Pauline Ado hendaiarrak lortu zuen lehen txanda pasatzea. Gainontzeko lehiakideak, Ariane Ochoa, Leticia Canales, Garazi Sanchez, Nadia Erostarbe, Juliette Lacome eta Adur Amatriain, lehen txandan kaleratu zituzten.

Mutilen kategorian euskal surflari bakarra ari da lehiatzen CS zirkuituan, Adur Amatriain zarauztarra, eta sekulako maila erakusten ari da. Aldiz, azken bi lehiaketetan ez du lehen txanda gainditzea lortu. Hori bai, Australian egin zen CS itzuliko lehendabiziko txapelketan hirugarren txandara iritsi eta zeresana eman zuen, sekulako maila erakutsi baitzuen.

Nesken kategorian, ostera, bi lapurtar (Juliette Lacome biarriztarra eta Pauline Ado hendaiarra), gipuzkoar bat (Nadia Erostarbe zarauztarra) eta hiru bizkaitar (Ariane Ochoa eta Leticia Canales bilbotarrak eta Garazi Sanchez getxoztarra) ari dira lehian aurtengo CS itzulian. Orain artean ez dute zorte handirik izan, inork ez baitu bigarren txanda gainditzea lortu. Hori bai, kontuan izan behar da CS itzulia maila gorena dela, jada lehen mailan diren lehiakideak eta lehen mailara igotzeko zorian daudenak hartzen baititu. Horregatik, balio handia du CS itzulian parte hartzeko plaza eskuratu izanak berak, ezagutzera emateko eta baita esperientzia hartzeko ere balio baitu.

Ballito PRO proba CS itzulia osatzen duten zortzi lehiaketetatik hirugarrena izan da, beraz, oraindik badute aukera euskal surflariek rankingean gora egiteko, itzuli osoan eskuratutako bost emaitza hoberenak hartzen baitira kontuan denboraldia amaitzean. Horren ostean, mutilen rankingeko lehen hamar sailkatuek eta nesken rankingeko lehen bost sailkatuek lehen mailara (CT mailara) igotzeko pasea eskuratuko dute.

Jeffreys Bay

Hain zuzen ere, lehen mailako itzulia osatzen duten hamaika lehiaketetatik bederatzigarrena bihar bertan hasiko da Jeffreys Bayko eskuin olatu famatuan. Hegoafrikako eta munduko eskuin olatu hoberenetako batean izango dira CT itzuliko bigarren zatira igarotzea lortu zuten lehiakideak.

Ikusmin handia sortzen du Jefreys Bayko txapelketak. Bertan egin izan dira surfaren historiako txanda gogoangarrienetako batzuk, eta, baldintzak onak badira, ikuskizuna itzela izaten da, olatuek edozein ariketa egiteko aukera eskaintzen baitute, baita tuboak ere. Jefreys Bayko kostaldeak Ballitokoak baino askoz errazago jasotzen ditu itsaski sendoak eta, gainera, uneotan baldintza ederrak izateko sasoia da Hegoafrikako mendebaldean. Horrenbestez, ohiko olatuak izatea bakarrik falta da, gainontzekoa surflariek egingo baitute, alegia, olatuak ariketekin hautsi eta zaleei ikuskizun aparta eskaini.