GARA Euskal Herriko egunkaria

Zuriak zuri


A rtikulu hau idazteko orduan zalantza batekin egin dut topo. Nola izendatu behar ditut azal iluneko pertsonak? Badakit ez direla beltzak, koloreetan ere desberdintasun eta ñabardura handiak daude, eta gu geu ere ez gara «zuriak», batzuek arrosagoak eta besteak marroiagoak gara. Baina Afrikan egin berri den surf txapelketa batean azal beltzeko lehiakide bat bera ere ez dela egon esateko ez naiz “beltz” hitza erabiltzera ausartzen, irakurleren batek gaizki hartuko duela otu baitzait. Ziur aski azala esnea baino zuriagoa duen norbait izango da haserretuko dena, baina horrela dago egun mundua.

Hegoafrikan egin den munduko surf txapelketetan azal iluneko pertsonen presentzia ikusezina izan dela nabarmendu nahi dut eta horretarako erabili beharko dudan terminoarekin ez dut inor mindu nahi. Batzuek “jatorri afrikarrekoak” erabiltzen dute, baina ez dut maite, azken finean guztiok baitugu jatorri afrikarra; Finlandiako biztanle albinoak ere noizbait azal ilunekoak izan ziren. Ondorioz, termino bat hautatu behar eta azkenean “azal iluneko” aukeratu dut. Hautaketa arrazista izan daiteke, baina ez dut ordezko egokirik aurkitu esan nahi dudana ulergarri izateko. Gaizki ari banaiz, barka nazatela mindu ditudanek, edozein kritika jasotzeko eta aldaketak egiteko prest nago.

Izendapenen inguruko zalantzen berri emanda, horra hor gaurko gaia. Challenger Series txapelketaz gain Afrikako junior txapelketak ere egin ziren pasa den astean Balliton eta lehiakideen profilak nire arreta bereganatu zuen. Challenger Series txapelketan ez zen azal iluneko lehiakiderik, baina ez da harritzekoa, bertan lehiatzeko aurrez emaitza oso onak lortu behar baitira.

Aitzitik, Afrikako junior txapelketetan ez dago aitzakiarik. Bertako surflariak diren heinean, haien artean azal iluneko surflarien presentziak handia izan beharko lukeela pentsa dezakegu, baina ez da horrela. Afrika osoko txapelketa izan arren, soilik Hegoafrikako surflariek parte hartu zuten. Nesken kasuan, gainera, beste herrialdeetako lehiakideen parte hartzea zinez handia izan zen, estatubatuar eta brasildarrena kasu.

Nesken kategorian Afrikako Junior Txapelketan parte hartu zuten hogei lehiakideetatik soilik bi ziren azal ilunekoak, eta, mutilen kategorian, ostera, parte hartu zuten 32 lehiakideen argazkiei begiratuz gero, ohartuko gara azal iluneko lehiakide bakarra izan zela, Ntokozo Maphumulo Durbaneko surflari gaztea. Zuriak gara nagusi surf munduan, baita Afrikan ere, eta, Balliton ikusi ahal izan den moduan, zurikeriatan ere nagusi gara.