GARA
ESKUBALOIA

Multzo faserako azken ate bat Bidasoarentzat

Bidasoa Irunek badaki dagoeneko, gutxi gorabehera zein izango den denboraldi berriko Europako bere ibilbide-orria. Asobal Ligan hirugarren amaitu ostean, EHFko multzo fasean egon nahi badu, irailaren amaieran eta urriaren hasieran jokatuko duen kanporaketa gainditu beharko du. Kanporaketa horretan bere aurkaria nor izango den irailaren 6an jakingo dute.

Lehiaketan parte hartuko duten 46 taldeak nola banatuko diren argitu zuen astearte honetan EHFk eta gipuzkoarrak bigarren kanporaketan sartuko diren 14 taldeetako bat izango dira. Rankingaren arabera, hamabi talde dira dagoeneko multzo faserako sailkatuta daudenak, tartean egungo txapeldun Benfica eta gonbidapena lortu duen Eurofarm Pelister. Gainerako 20 taldeek lehen kanporaketa jokatu beharko dute abuztuaren 28an eta irailaren 4an. Lehen fase horretan aurrera egiten dutenen artetik irtengo dira Jacobo Cuetararen lehendabiziko aurkariak.

Irungo taldeak jokatu diren EHF European Leagueko bi edizioak jokatu ditu, eta multzo fasea gainditu eta final-zortzirenetara iritsi zen aurreko denboraldian, GOGek kanporatuta, Danimarkako Liga irabazi eta EHF Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortuko zuenak.

ESPERIENTZIA ABERATSA.

1995ean Txapeldunen Ligako eta 1997an Europako Errekopako txapeldun, talde bidasotarrak esperientzia handia du Europan: 123 norgehiagoka jokatu ditu, 73 garaipen, 14 berdinketa eta 36 porrot pilatuta.

Europako bigarren txapelketari dagokionez (lehengo EHF Kopa), jardunik onenak 1993/1994 eta 2000/2001 denboraldietakoak dira, bietan finalerdietara iritsi baitzen, gero txapeldunak izango ziren taldeen aurka galduz. Lehen aldian, Alzirak kanporatu zuen (18nako berdinketa Irunen, 26-20koa itzulerakoan); eta bigarrenean Magdeburgo kaleratzeko zorian egon zen (32-24koa Alemanian; 23-17koa Irunen).