Jon ORMAZABAL
Interview
Jon Zabala
Puntista

«Gauza hauek, duela gutxira arte, amestu egiten genituen»

Aspaldiko unerik onena bizi du zesta-puntak, biharko Markinako Grand Slameko finalerako Uni-a txiki geratu da eta pantaila erraldoi bat jarriko dute partida ikusi ahal izateko. Egun oso berezia izango da bertako seme Jon Zabalarentzat, kirol honen beste aurpegia ere oso gertutik bizi izan duen atzelariarentzat. Elkarrizketa osoa NAIZen irakurgai.

G ernikan Aritz Erkiagarekin lortutako garaipena etxean errepikatu nahi du markinarrak, Olharan-Etchetoren aurka jokatuko du Markinako Gran Slameko final handia.

Markinar batentzat Karmen egunean final bat jokatzea baino gauza hoberik gutxi egongo da, ala?

Bai, gauza ederra da, markinar denek nahi genuen bai ala bai bertan egotea eta nik zortea izan dut Aritz eta biok heldu garela.

Finalerdietan ondo sufrituta, gainera.

Kosta zen partida aurrera ateratzea. Lehen set-a nahiko ondo joan zen, baina gero eurak oso ondo jokatzen hasi ziren, guk ez genuen gure mailarik onena eman eta, egia esan, zorte apur bat izan genuen; aurkarien huts batzuei esker pasatu ginen. Zortea izan zen gehiago gure gaitasuna baino.

Sufritzea ez da berria zuretzat; zure ibilbidean nahikoa kalamidade pasatutakoa zara aurretik ere.

Sekula ez nuen halakorik espero. Aurreko urtean ere lagunekin berbetan esaten genuen itzela izango zela neguan partidak jokatu eta finalak jokatzen aritzea, Donibane Lohizunen, Markinan... gauza hauek duela ez asko amestu egiten genituen eta oraindik ez dut ondo-ondo sinisten bizitzen ari naizena, baina gustura eta disfrutatzen.

Zu, profesional hasi, Filipinetan hasi zinen, ia azken aukera bat bezala.

Bai, Filipinetara gaztetan joan nintzen. Ez neukan beste ezer eta, gaztea nintzenez, probatzera kanpora joan nintzen, esperientzia bizitzera, baina beti Ameriketara heltzera begira. Azkenean AEBetara joateko aukera izan nuenean ere zorte txarra izan nuen, bisa kontua ere amaitu zen eta, bueno, orain Euskal Herrian. Ikusten da jendea gogoz dabilela, beharra ondo ari direla egiten antolatzaileak eta denok ari garela gure partetik dena jartzen.

Marka da, AEBetan Trump sufritu behar izan zenuenetakoa ere izan zinen.

Bai, berez oporretara etorri nintzen, bisak kendu zituen eta sekula ezin izan nuen berriz ere Ameriketara itzuli. Kolpe gogorra izan zen. Egun batetik bestera ametsa amaitu zen. Pentsatu nuen hari begira egon ordez hurrengo pausoa zein izango zen aukeratu eta harekin aurrera egitea.

Ia gutxien espero zenuenean zurrunbilo eder honen erdian aurkitu duzu zeure burua?

Gauzak borobil irteten dabiltza; momentu onenean suertatu da. Winter Series-ak sekulako bultzada eman dio zestari eta niri, pertsonalki, hori irabazteak ate asko ireki dizkit aurtengo denboraldian finkoetako bat izateko, Iparraldeko aukerak izateko... dena momentu honetan etorri zait.

Zuk ere zurea ondo egingo zenuen, ala?

Bai, aurrelaririk onena tokatu zitzaidan, baina egia da harekin tokatuta ardura handia ere badela, gauzak ondo egin behar nituela. Bestela badakizu, Aritzek galduta atzelariaren kulpa izango zela gutxi gorabehera. Nik nire beharra ahalik eta ondoen egin nuen. Aritzekin jokatzeak beti errespetua ematen du. Maila handia zen eta handia izan zen.

Nola bizi izan da Markinan txapelketa hau?

Urte pila bat daramagu komentatzen Grand Slam bat merezi duela Markina moduko herri batek eta pentsatzen dut publikoaren partetik erantzuna oso ona izan dela. Jendea gogoz zegoen halako txapelketa bat gure herrian ikusteko eta partida denetan egon da jende pila bat. Finalerako sarrerak lehen egunean saldu ziren, finala nork jokatuko zuen jakin gabe, eta pentsatzen dut hori seinale ona dela; jendeak zesta ikusi nahi du.

Nolako finala espero duzu?

Oso gaitza. Olharan-Etchetok finalerdian euren maila erakutsi zuten; Etcheto oso ‘enkantxatua’ ikusten dut. Gure aurka ligaxkan partida oso gogorra izan zen, 14-15 set bietan, gero 3-5 irabazi genuen, baina detaile txikiengatik, eta horiek alde edo kontra etorri ahal dira edozein unetan.