Fito RODRIGUEZ
Idazlea
KOLABORAZIOA

Irakurketa arrunta eta teorikoa

Egun hauetan, Villarejo-Ferreras bikoteak komunikabide desberdinetan Pablo Iglesias eta, oro har, Podemosi buruz zabaldutako kakak berriro ere ohiko irakurketaren eta irakurketa esanguratsuaren arteko aldea agerian utzi du, mundua ulertzeko teoria behar dugula argi utziz.

Teoriak balio duelako. Horixe irakatsi zidan Pierre Bourdieu idazleak, unibertsitate irakasle eta kultur eragileak.

Hizkera arruntean edota akademikoan ere theoria hitz grekoaren esanahiari berezkoa eman beharrean (errealitatea begiratzeaz gain, berau ikusi ahal izateko gaitasuna...) mespretxuz eman ohi zaion zentzuan, teoria da praktikarako baliagarria ez den ikuspuntua.

Bourdieuk erakutsitakoaren arabera, berriz, behar bezalako gizarte teoriarik gabe, dagoenaren berrekoizpenari besterik ez diogu ekingo, nahitaez. Hau da, errealitatea eraldatzeko bidean teoria ez da soilik bidaide izan behar (proposamenen zio ideologiko hutsa balitz bezala), argibide eta ikusmira baizik.

Izan ere, haren hitzetan: «Errakuntzak eta hutsak batera doaz» (“Questions de sociologie”), eta ezin dira teoria eta praktika bereizi gizarte ekintzetan. Teoriak balio praktikoa du (“Le sens practique”, Minuit, 1980) eta gizakion portaera sozialak eraikitzeko erabiltzen dugu (“La distinction”, Minuit, 1979).

Horregatik, kultur klasea dagoela onartzearen partez (kultura eguneroko bizitzari atxikitzen zaion zerbait bailitzan...), klase kulturaz hitz egin zigun (“La reproduction”, 1970), besteak beste heziketaren bidez estrukturalki eraikitzen dena.

Gizarte ikertzailearen funtsa, eta kazetaria hori besterik ez da, teorikoa da praktikoa den neurrian. Hau da, berak adierazita, “kritika praktikoa” egiteko baliagarria den neurrian.

Beraz, egungo gizartearen birmoldaketak klase zapalduen ordez ekarri duen gizarte bazterkeria antzemateko gauza izan zen, baita haien alde tinko agertzeko ere, telebistak bereziki, baina medioek, oro har, gizarteratzen duten bortxakeria sinbolikoa aztertzeko eta salatzeko.

Bourdieuk hautsi eta, era berean, garaitu egin zituen Durkheimen idazkiak, zeintzuetan “gizartean egitateak gauzak besterik ez diren”... (“Le métier de sociologe”, 1968), ekintzaren eta egituraren artean Mendebaldean dugun bereizketa formala gaindituz.

Bere ikerketen hastapenetan, Afrikan amazigen artean lan egiteak ahalbidetu zion kultura eta gizartea batera antzeman ahal izatea eta, bide berean, teoria praktikarekin uztartzeko mezu trinkoa bere azterketa guztietan islatzea.

Bourdieuk kapital kultural eta sinbolikoak duen garrantzia azpimarratzen zuen bere erreprodukzio kontzeptuaren bidez, eta faktore ekonomikoei emandako lehentasuna kritikatzen. Nabarmendu nahi izan zuen nagusitasunezko posizioan dauden agenteek beren ekoizpen kultural eta sinbolikoak inposatzeko duten gaitasuna funtsezkoa dela menderatze harreman sozialak birsortzeko.

Pierre Bourdieuk indarkeria sinboliko deitzen duena, hots, produkzio sinbolikoaren arbitrariotasunari kasu egiteko gaitasuna landu zuen, eta, beraz, zilegi zer den onartzeko gaitasuna bere idazkien bidez ikertu zuen.

Podemosi buruz zabaldutako kaka bortxa besterik ez da eta hori ulertzeko, Bourdieuk erakutsi bezala, teoriaren premia ere badugu, baina ez inolako dogmatismorik. Medeak Senekaren obra homonimoan esan zuen: «Cui prodest scelus, is fecit», eta euskarara itzulita hauxe esan zuen: «Nork atera dio probetxua egindakoari?».