GARA Euskal Herriko egunkaria
IKERKETA

«Zortzimilakoen historia berridatzi beharko litzateke»

Baieztapen hori egin duena Eberhard Jurgalski alemana da. Ikertzaile horren ustetan, soilik hiru mendizalek erdietsi dituzte zortzimilakoen benetako tontor guztiak: Ed Viesturs, Veikka Gustafsson eta Nirmal Purjak.


Munduko mendien inguruan egiten diren estatistiketan aditu sonatuenetarikoa dugu Eberhard Jurgalski. Ikertzaile aleman honek batez ere mendi garaienetan lortzen diren gailurrak biltzen ditu, eta, neurri handi batean, horretarako irizpide topografikoak erabiltzen ditu. Urteak daramatza datuak biltzen, eta 1981. urtetik munduko mendi garaienetan espezializatu egin da. Eta hori diogunean, zortzimilakoei buruz ari gara.

Laster batean, sortu zuen webgunea erreferente bihurtu zen (www.8000ers.com), eta bere informazioak eta ikerketak beste espezialista handi batzuekin bateratu ditu. Xavier Eguzkitza eta Elizabeth Hawley dira horietako bi.

Hori gutxi ez, eta kolaboratzaile talde oso garrantzitsu bat du. Jurgalskiz gain, Rodolphe Popler, Tobias Pantel, Damien Gildea, Federico Bernardi, Bob Schelfhout eta Thaneswar Guragai zortzimilakoen gailurrak aldarrikatu dituzten guztien “atzetik” ibili dira. Bereziki, benetako tontorrekin ibili dira buru-belarri. Hots, mendizale askok nahasten dituzten puntu garaienekin. Azken urteotan, adibidez, Broad Peak, Dhaulagiri, Annapurna eta Manaslun zentratu dira.

Bide batez, aurreratu behar dugu Jurgalskiren eta bere kolaboratzaileen lan topografikoak eredu zientifikoetan oinarritu direla. Besteak beste, DRL taldearen (Alemaniako Agentzia Aeroespaziala) laguntza jaso dute. Horri esker, Annapurna mendiaren ertz luzean dauden gailur guztiak zehatz-mehatz identifikatu dituzte.

Kontuak kontu, hamar urteko ikerketa sakon eta zientifiko horrek ondorio adierazgarria du: soilik hiru mendizalek zapaldu dituzte hamalau zortzimilakoen benetako gailurrak. Eta horiek honakook dira: Ed Viesturs, Veikka Gustafsson eta Nirmal Purja. Horregatik guztiagatik duela hiru urte Jurgalskiri galdetu zitzaionean ea zortzimilakoen historia berridatzi beharko litzatekeen, alemanak zera erantzun zuen: «Hainbat mendizale zerrenda luze horretatik (denera, 41 mendizale) ezabatu beharko lirateke».

Uztailaren 8an, “fat-checker” alemanak orriotan argitaratzen dugun zerrenda hori zintzilikatu zuen bere webgunean. Eta ikusten den bezala, “hamalauen” benetako tontorrak nork lortu duen (ala ez) azaltzen da. Burrunba sortu duen gai honen inguruan gehiago ez luzatzeko, Jurgalskik berak argitaratu duen txostenaren laburpenaren berri emango dugu.

Aro berria.

«1981. urtean nire ikerketekin hasi nintzenean, gauza batekin oso seguru nengoen: mendizale ia guztiek etika handiarekin eta zintzotasun guztiarekin eginiko eskaladen berri ematen zuten. Adibidez, garai bateko mendizaleak argazkiekin saiatzen ziren lortutako gailurrak frogatzen. Baina ondoren batzuk ohartu ziren ez zutela benetako tontorra zapaldu. Zortzimilakoen bildumazaleekin ia egoera berdina bizi izan zen. Gogoratu behar dugu, adibidez, Broak Peak eta Shisha Pangman gertatutako nahasmenak».

Bestalde, txostenaren laburpenean honela jarraitzen du: «2012. urtean konturatu nintzenean Annapurna mendiaren benetako gailurretik hainbat mendizale metro batzuetara geratzen zirela, Rodolphe Popierri eskatu nion tontorreko irudiak berrikus zitzala. Hain zuzen ere, nire kide hau oso zorrotza delako gailur inguru horiek identifikatzerakoan. Argazkiak hartu, aztertu eta DLR taldearen laguntzarekin zortzimilako horrek duen ertz luzearen xehetasun guztiak bildu zituen.

»Ikerketa horren ondoren, ohartu ginen mendizale asko benetako gailurretik urrun geratzen zirela. Batzuk 65 metrora mendebaldean, eta beste batzuk 80 eta 190 metro artean ekialdean. Zur eta lur geratu ginen. Reinhold Messner bera ertzaren bidegurutze batean geratu zen. Hori aipatu genuenean, Messnerrek deseroso sentitu eta iaz ‘New York Times’ egunkariari zera esan zion: ‘Inork uste badu nik egin nuena kaka bat zela, bada ez dut arazorik zama horrekin bizitzeko. Ertz luze horretatik bost metro beherago geratu nintzen’.

»Bai, hala izan zen; soilik bost metro beherago, baina benetako gailurretik 65 metroko distantzian eten zuen bere eskalada. Horregatik uste dugu Messnerrek gogoan izan beharko lukeela Robert Schauer eta Voytek Kurtikak Gasherbrum IV mendian eginiko eskalada. Handia izan zen, baina onartu zuten benetako gailurra ez zutela lortu.

»Gauza bera Nives Meroi eta Romano Beneti gertatu zitzaien Dhaulagirin. Akats batengatik, benetako gailurretik 140 metro arteko distantziara gertatu ziren; hots, ‘Metal Pole’ izeneko sekzioan. 2005. urtean izan zen hori, eta hurrengoan, bai, korapilo hori askatu zuten. Antzeko egoera bizi izan zuena Erhard Loretan izan zen. 1985. urtean, ekialdeko aurpegiaren neguko lehen igoera hartan, ‘Metal Pole’-ra heldu zen. Pena handia dut eskalada izugarria izan zelako. Baina Hawley andereñoak horren berri izan balu ez lioke ‘gailur’ hori onartuko.

»Beste adibide esanguratsu bat Nirmal Purjarena da. 2009. urtean, hamalau zortzimilakoak egin zituen urtean, ez zituen Dhaulagiriren eta Manasluren benetako tontorrak erdietsi. Ondoren, bai, zalantza guztiak uxatu eta benetako tontorretara igo zen. Hortaz, zerrenda hori sei hilabetean egin ordez, bi urtean sinatu zuen.

»Nire kasuan, zerrendaren protagonisten igoerak aldatu egin ditut. Zortzimilako batzuetan (Annapurna, Dhaulagiri eta Manaslu) argi dut; beste batzuetan, aldiz, aldaketa horiek itxaron beharko dute. Uste dut herrialde bakoitzeko mendizale federazioen laguntza baliagarria izango litzatekeela; batez ere, mendizaleei frogak eskatzerakoan. Baina horietako askok ez dituzte baldintza horiek onartu nahi; besteak beste, beraien ospea kolokan geratuko litzatekeelako. Ausartak izan beharko lirateke, eta egia osoa esan. Horregatik guztiagatik, uste dut zortzimilakoen historia berridatzi behar dela. Ez da gure errua; zuzena dena zuzena da. 2019. urtean gure txostena argitaratu genuenean, ia mendizale guztiek Annapurnan eta Dhaulagirin benetako gailurrak zapaldu zituzten. Iazko udazkenera arte, berriz, Manaslun ez zen aldaketarik izan, baina batzuk-batzuk ausartak izan ziren eta apustu sendoa egin zuten benetako tontorra igotzeko. Hain zuzen ere, 29 mendizalek.

»Hau guztia esan eta gero, honako galdera egin behar dut: ezagutza honekin (eta etorriko denarekin), zer gertatuko da etorkizunean? Badirudi aro berri bat martxan dela. Hainbat mendizalek akatsak zuzendu dituzte. Adibidez, Hong-Juan Dong. Soilik Shisha Pangma dauka igotzeke; eta hori eginez gero, hamalauen zerrenda egingo lukeen lehen emakumezkoa izango litzateke. Nives Meroi ere gertu dago; Manaslukoa zuzentzea falta zaio.

»Ondoko taulan gure taldeak lortutako emaitzak ikus daitezke. Dhaulagirin eta Annapurnan egoera batzuk argitu behar ditugu oraindik, baina bide egokian gaude. Duela egun gutxi batzuk, Rodolphek Ed Viesturs eta Veikka Gustafssonek Dhaulagiriko benetako gailurra lortu zutela egiaztatu zuen. Horiek izango lirateke hamalau zortzimilakoen benetako gailurrak igo dituzten lehen bi mendizaleak. Hirugarrena Nirmal Purja da».